BILBO. Urriaren 19an, larunbata, ospatuko den EDP Bilbo Night Marathoiak bigarren urtez jarraian agortu ditu dortsalak. Aurtengoa errekor guztiak batuko ditu, 56 herrialdetatik etorritako 13.400 lagun hartuko baitute parte. Hiru kategoria izango ditu guztira: maratoia, maratoi erdia eta 10 kilometroak. Probak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira San Mamesen.

San Mames estadioan duelarik irteera eta Guggenheim Museoan helmuga, EDP Bilbao Night Marathon-en ibilbideak hiriko kale nagusiak zeharkatzen ditu hiri-zirkuitu batean, eta milaka zaletu eta ikusle erakarriko ditu kaleetara adore ematera. Gainera, ibilbideak bi itzuli egiten ditu, eta aukera ematen die laguntzaileei atleten eboluzioa erraz behatzeko, ibilbidearen hainbat puntutan, oso urrun joan beharrik gabe. Pribilegioa benetan, ez baitira asko horregatik harro ager daitezkeen hiriak.

Ibilbideak Bilboko leku eta eraikin ospetsuenak eta turistikoenak igarotzen ditu, hala nola San Mames estadio berria, kale nagusia, Zazpi Kaleak, Euskalduna jauregia, Calatrava zubia, Isozaki dorreak, Arriaga antzokia, Deustuko eta San Ignazioko barrutiak, Udaletxea eta helmuga izango den lekua, Guggenheim museo arranditsua.

Hain zuzen, helmuga zeharkatzea izango da ekitaldiko protagonista guztien helburua: kaleetan ikustera bilduko den jendetza izango dute laguntzaile, eta ibilbidean han eta hemen animazio-puntuak ezarriko dira. Aurten, berrikuntza gisa, musika taldeen ohiko lehiaketaz gain dj-en lehiaketa ere izango da, eta, beraz, 8 izango dira ibilbidean zehar zuzeneko musika izango duten agertokiak. Argiz, soinuz eta su artifizialezko ikuskizun bat, hirira jai-girorik onena ekarriko duena lasterkariak hegaz eroateko.

Runner's World aldizkariak EDP Bilbao Night Marathon hautatu du munduko 50 lasterketarik onenen artean; gainera, Bizkaian, joan diren hamar urteotan parte hartzerik handiena izan duen kirol ekitaldia da. Eta, orobat, desiratuena ere bai: bigarren urtea da ilaran dortsal guztiak saldu direna. Arrakasta izan da hori, antolatzaileentzat eta Bilboren kirol espirituarentzat ez ezik, baita uriko ekonomiarentzat ere, zeren eta ekitaldiak 4 milioi euro inguruko inpaktua eragiten baitu.

Aurten, berrikuntza gisa, antolatzaileek kolektibo ahulenen aldeko konpromiso soziala erantsi nahi dute, eta izen emate bakoitzeko euro bat bideratuko dute hautatutako sei GKEetako batentzat.

Jakina, EDP Bilbao Night Marathon-ek zerbitzurik onenak eskainiko dizkie lasterkariei: garraio publikoa erabiltzeko erraztasuna, arropa gordelekuak, erbiak, jan-edanak helmugan, masaje-emaileak, doako argazki eta bideoak, lasterketako feria, aldagelak eta dutxak, desfibriladoreak eta txiparekiko dortsalen bidezko kronometrajea.