BILBO. Irailaren amaierara arte, kanpaina uriko kaleetan ikusi ahalko da, bilbotarrak animatzearren euskaltegietan izena ematera euskara ikasteko. Azken helburua da ohitura sortzea euskara eguneroko bizimoduan erabiltzeko eta herritarrek lehenengo berba beti euskaraz esateko.

"Euskaltegiak zabalik. 2019-2020 matrikula orain", hainbat euskarritan egongo da ikusgai: Bilbobuseko 6 autobusetan, zeinak uri osoan zehar ibiliko baitira 4 astean, 21 markesinatan, zeinak auzoetan han eta hemen kokatuta baitaude, 24 publizitate-zutabetan eta 5 udal-erlojutan. Horrez gain, irrati-kanpaina bat ere egingo da, osagarri.

Bilboko Udalak eta euskaltegien sareak herritarrak animatu nahi dituzte euskara erabiltzera egunero, hizkuntzaren normalizazioa eragitearren eta erabilera sustatzearren. Kanpaina honekin lortu nahi da pertsona guztiak animatzea euskaraz bizitzera, eta, horretarako, lehenengo pausua da izena ematea urian han eta hemen banatuta dauden 17 euskaltegietako batean, urritik aurrera hasiko den ikasturtean matrikulatzeko.

Izan ere, euskaltegietan bertan aurkitzen dira euskararen ikaskuntza, erabilera eta normalizazioa sustatzeko tresnak. Aurten ere, mota guztietako ikastaroak antolatu dira, ikasleentzat neurrira prestatuak.

Euskararen normalizazioan egundoko garrantzia izan dute euskaltegiek Bilbon, sare zabala eta oso bizia osatzen dute eta. Horregatik, Bilboko Udalak, geroan ere, euskaldun izateko zubia eskainiko die herritarrei, eta lagundu egingo die euskara ikasteko interesa duten pertsonei.

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak 209.000 euro erabiliko ditu, euskararen normalizazioan garrantzi biderkatzailea duten kolektiboei diru-laguntzak emateko, hau da, gurasoei eta aisialdiko monitoreei. Kolektibo bi horiek berebiziko leba dute-eta umeen eta gazteen hizkuntzarekiko jarreran.

Bilboko ume eta gaztetxo gehienak, ikasketak euskaraz egin arren, giro erdaldunean bizi dira, gehienbat euren gurasoek ez zutelako euskara ikasteko aukerarik izan. Laguntza hauen bidez iritsi nahi den xedea da euskara etxekoen arteko harremanetan ohiko tresna bihurtzea.

Kolektibo bi horiek ez eze, deialdian diru-sarrerei buruz ezarritako baldintzak betetzen dituztenek ere diru-laguntzak eskuratu ditzakete. Diru-laguntzok 20120ko udan banatuko dira, behin 2019-2020 ikasturtea bukatuta, ordaindutako matrikularen zati bat itzuliz.

Iaz, 299 pertsona izan ziren Bilboko Udalak ematen dituen dirulaguntzen onuradun, eta Udalak 155.922,71 euro banatu zituen guztira, dirulaguntzatan. Laguntza horien % 82, gurasoentzat izan ziren, eta % 8, aisialdiko begiraleentzat; gainerako % 10, DBEak jaso zituzten pertsonentzat.

Bilbon 17 euskaltegi daude, uriko barruti batzuetan eta besteetan banatuta. Horrek esan nahi du ia barruti guztiek dutela euren euskaltegia. Iaz, 2018-2019 ikasturtean, 6.700 ikaslek baino gehiagok eman zuten izena. Hauek dira Bilboko euskaltegiak:

  • Larrako AEK (Larrakatorre, 24) Tel. 94 447 02 24
  • Euskal Irakaslegoa-Deustuko Unibertsitatea (Unibertsitateen Etorbidea, 24) Tel. 94 441 39 77
  • Matxintxu AEK (Ramón y Cajal, 8) Tel. 94 475 22 33

Santutxu AEK (Arbidea, 21) Tel. 94 411 76 56

  • Labayru Fundazioa (Bilbao-Galdakao, 6. ? Boluetako metroaren ondoan) Tel. 94 607 72 10
  • Bilbo Zaharra Euskaltegia (Posta, 8) Tel. 94 415 82 92
  • AEK Lizardi (Txakur kalea, 1) Tel. 94 416 82 00
  • BAI & BY (Urquijo, 22) Tel. 94 470 18 57
  • Gabriel Aresti Euskaltegia (Done Bikendi, 2-4) Tel. 94 423 75 91
  • Indautxu AEK (Urkixo zumarkalea, 88) Tel. 94 441 34 74
  • Labayru Fundazioa (Colón de Larreategui,14)Tel.94 443 76 84
  • Mikelats Euskaltegia (Aiara, 1) Tel. 94 415 32 95
  • Mondragon Lingua (Buenos Aires, 7) Tel. 94 661 34 67
  • Ulibarri Euskaltegia (Gardoki, 3) Tel. 94 416 24 72
  • Juan Mateo Zabala Euskaltegia (Gordoniz, 22) Tel. 94 422 13 88
  • Irala AEK (Kirikiño, 22) Tel. 94 421 13 04
  • Zorrotza AEK (Zalbidea, 7) Tel. 94 441 49 20

Kanpaina honen bidez, jendea animatu nahi du Udalak euskaltegietan euskara ikas dezan eta, batez ere, euren bizimoduan eguneroko tresna bihur dezaten.