gasteiz - Ehunka pertsona kon-tzentratu ziren atzo Gasteizen Blancaren jaietan gertatutako bi sexu-erasoak salatzeko. Ustezko erasotzaileak atxilotuak izan dira. Gorka Urtaran Gasteizko alkatea bertan izan zen, eta aipatutakoarekin batera “onartezintzat” kalifikatu zuen Mozkorraldi izeneko blusa kuadrila batek jaien paseotxo tradizionalean bi pankartetan helarazitako mezuak: Salaketa faltsuak=Tratu Txarrak=Kondena Bera eta Indarkeria jokabide gaia da, ez generokoa. Nesken eta Blusen Elkarteen Federazioak gertatutakoaren ostean, Mozkorraldi kuadrila kanpora-tzeko erabakia hartu zuen. “Jokabide onartezina da eta genero-indarkeriaren aurkako borrokarekin konprometituta dagoen federazioaren printzipioekin apurtzen du”, azaldu zuten Federaziotik. Bien bitartean, kuadrilaren kide ohiek gertatukoarengatik barkamena eskatu zuten.

Kontzentrazioa hasi aurretik, Bozeramaileen Batzordeak, bigarren egunez, indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko protokoloa aktibatu zuen. “Ez jaietan ez beste inon. Ez dago lekurik XXI. mendean eskubide horiek uka-tzen dtiuzten jokabideentzat”, aldarrikatu zuen Urtaranek. Ildo beretik, biztanleria guztiari, eta bereziki Nesken eta Blusen Elkarteen Federazioko kuadrilei paseotxo tradizionala hamar minutuz eteteko deia zabaldu zien. Jaien bezperan larunbat gauerdian gertatutako sexu-eraso saiakera eta osteguneko goizeko 7:00etan gertatutako abusu sexualak ez errepikatzeko, alkateak kolektibo guztien artean emakumeentzako berdintasunaren eta askatasunaren defentsan irmoki lan egiteko beharra azpimarratu zuen. - Unai Gonzalez