Klima Aldaketari buruzko Udako Eskola egingo dute gaurtik asteazkenera Bilbon. Ekimenaren izenburua "1,5°C-ko berotze globala: eraldaketa, egokitzapena eta arintzea" da, eta Ibon Galarragak (BC3) eta Alberto Ansuategik (EHU) zuzenduko dute.

Europako ikerketa zentro nagusietako adituak bilduko dira, hala nola Yorkeko Unibertsitateko, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ingurumen eta Teknologia Institutuko, Norvegiako CICERO Klima Aldaketaren Ikerketa Zentroko, Kantabriako Unibertsitateko Ingurumen Hidraulikako Institutuko edo London School of Economics ikastegiko adituak, eta NBEko Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen txosten bereziarekin lotutako alderdi garrantzitsuenak jorratuko dituzte.

2015eko abenduan, Klima Aldaketari buruzko NBEko Esparru Konbentzioan, Parisko akordioa sinatu zuten herrialdeek adostu zuten tenperatura globalaren igoerak 2 gradutik beherakoa izan behar zuela, industriaurreko tenperatura mailarekin alderatuta, eta ahalegina egingo zela tenperatura igoera 1,5 gradura mugatzeko.

Alabaina, CO2 isurpenak murrizteko egungo konpromisoek aurrekaririk gabeko berotze globala aurreikusi dute 2100. urterako, gutxienez 3 gradukoa, eta horrek inflexio elementu naturalak piztea eragin dezake, hala nola 'permafrost' eremu handiak urtzea eta, beraz, munduko tenperatura are gehiago igotzea.

Hori dela eta, Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen txosten bereziak zenbait bide deskribatu ditu berotze globala 1,5 gradura mugatzeko. Soluzio horiek martxan jartzeko, orain arte inoiz egin ez diren ahaleginak egin behar dira, 2030erako %45 murriztu behar baitira berotegi efektuko gasen emisioak, eta 30 urteko epean ia erabat baztertu beharko baita gas horien erabilera.

UDAKO ESKOLA

BC3k eta EHUk klima aldaketari buruz antolatutako lehen udako eskola 2010eko uztailean egin zen. Orduan, nazioarteko komunitatea akordio egoki baten bila zebilen, Kiotoko Protokoloaren jarraipen gisa, 2009an proposatutako Kopenhageko akordio ez-loteslearen ondoren. Ordutik hona, udako eskolak gai sorta zabal bat jorratu du diziplina asko kontuan hartuz, eta gertutik jarraitu ditu klima aldaketari buruzko nazioarteko negoziazioak.

Aurreko edizioetan bezala, hamargarren edizioan ere arlo zientifiko eta akademikoko aditu ospetsu ugari bertaratuko dira, eta horrek aukera emango du sakontasunez eta ikuspegi askotatik aztertzeko zer dioten klima egonkortzeari buruzko azken ikerlanek.

Klima Aldaketari buruzko Udako Eskolaren 10. edizioaren lehen egunean, astelehen honetan, trantsizio eta eraldaketa kontzeptuak jorratuko dira. "Trantsizio eta eraldaketa horiek gure bizimodua aldatzea dakarte berekin, eta kontzeptuok klima egonkortzen nola laguntzen duten aztertuko da. Azken urteotan, geroz eta agerikoagoa da egungo ekoizpen eta kontsumo eredu eta politikek planetaren muga ekologiko kritikoak gainditzera garamatzatela, eta, beraz, aldaketa handiak egin behar direla", azaldu dute antolatzaileek.

Hala, trantsizio kontzeptua, batik bat energia, mugikortasuna eta beste azpisistema sozial batzuen aldaketak aztertzeko erabili izan da. Halere, berriki, asko zabaldu da eraldaketa kontzeptuaren erabilera. Kontzeptu hori eskala handiagoko aldaketa sozialekin lotuta dago, eta osagai sozial eta biofisikoen arteko elkarrekintza dakar berekin.

Eskolaren bigarren egunean, asteartean, hiri inguruneetako egokitzapen estrategiak landuko dira. Hiriak klima politika ez estatalen ardatz dira, eta komunitate zientifikoak geroz eta arreta handiagoa jartzen du klima aldaketak hirietan izango duen eragina arintzearekin eta hirien egokitzapenarekin lotutako gaietan. Auzi horri buruzko adostasuna erabatekoa denez, ikuspegi berezi hori Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen 6. Ebaluazio Txosteneko prozesu guztietan txertatuko da, eta 7. Ebaluazio Txostenak (2023-2028) Klima Aldaketari eta Hiriei buruzko txosten berezi bat ere izango du.

Azkenik, asteazkenean, udako eskolaren hirugarren eta azken egunaren ardatza hau izango da: munduko tenperaturaren igotzea 1,5 gradura mugatzeko arintze politika azeleratuen diseinua eta aplikazioa. Geroz eta ahots gehiagok eskatzen dituzte krisi klimatikoaren eragina arintzeko ekintza politikoak. Hirugarren saio horretan, ekintzailetza politikoak klima egonkortzeko behar dituen "tresna kita" eta "erabilera eskuliburua" aurkeztuko dira.