BILBO. Guztira, 350 ikaslek parte hartu dute, Eskolapioak, Maristak, Karmelo Ikastola, Aldamiz Ikastola eta Maitasun Errukitsua ikastetxeetakoek. Bisitak maiatzetik ekainera bitartean egin dira, Tokiko Agenda 21 delakoan parte hartzen duten ikastetxe horietako lehen hezkuntzako 6. mailako eta bigarren hezkuntzako 1. mailako ikasleekin.

Proiektu pilotu hau arrakastaz amaitu da, eta udazkenerako ere prestatu nahi dira ostera ere, ikasturte berria hasten denerako.

Gaur goizean egin da azken bisitaldia, Amor Misericordioso ikastetxeko lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleekin. Kepa Odriozola Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen zinegotziak eta Marta Barco Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen zuzendariak ere parte hartu dute.

Bilboko Udalaren xedea da udalaren Ondare Berdearen zabalkundea egitea ikasleen artean, onik zaindu eta babes dezaten. Horregatik, uriko ondare berdea hobeto ezagutzen jardun dira, bai eta nola kontserbatu eta babestu ikasten, Casilda Iturrizar parkera egindako bisita gidatuen tailer praktiko baten bidez.

Bisitak maiatzaren 6an hasi ziren, eta gaur amaitzen dira, ekainaren 19an, goizean; ordubete inguru iraun du tailer bakoitzak. Metodologia parte-hartzezkoa izan da, eta jarduera erakargarrien bidezkoa: parkearen historia ematen zaie ezagutzera, hango zuhaitz espezieak, nola hazten diren, datu bitxiak, eta parkeko zuhaitz berezienen fitxa teknikoak erakusten zaizkie. Gainera, ikasleek talde-olgetan jarduten dira ginkana baten bidez, eta, hala, ikasi dituztenak baliatuz, espezieak non kokatzen diren seinalatu behar izan dute.

Olgetazko era horretan gehitzen dituzte ezagutzak Udalaren Ondare Berdeari buruz, Casilda Iturrizar parkean, zehazki, haren historiaz, jatorriaz, espezieez eta kontserbazioaz jardunez. Gainera, oharra egin da gogorarazteko zeinen axola handikoa den bakoitzak uriko ondare berdeari buruz duen erantzukizuna, oharmena eta sentsibilitatea eraginez, hura zaintzeko eta kontserbatzeko norberak hartu beharreko konpromisoaz.

"Parkeak bizi" tailer horien beste xede bat da jokabide aldaketa bat eragitea kanpainan parte hartzen dutenengan, zuhaitzak babesteko eta Bilboko berdeguneak rrespetatzeko jokabidea hartzen laguntzearren. Eskola-komunitate guztiari parte harrarazi nahi izan zaio espezieak eta haiek kokatuta dauden ingurua babestearen eta kontserbatzearen aldeko ekintza horretan, jasangarritasunaren alderako ingurumen-sentikortasun handiago baten aldeko eledun bihur daitezen ikasleak.

Programa honek balio erantsia du: ikasgela naturala da, bertako bazterrak eta sekretuak ezagutzeko aproposa, eta gainera unitate didaktikoak formatu digitalean prestatu dira irakasle nahiz ikasleentzat. Ekimenarekin bat egiten duten ikastetxeei banatuko zaizkie. Era horretan, parkea bisitatu ostean ere ikastetxeetan gaia lantzen jarraitzeko aukera ematen zaie.

Casilda Iturrizar parkea “Parkeak bizi” plataforma digitalean sartu zen 2017ko azaroan. Plataforma horretatik, bere aberastasun eta ondare berdeak ezagutzera ematen zaizkio munduari.

Esperientzia oso asegarria izan da Bilboko Udaleko langileentzat. Parkearen mantentze lanak egitera ohituta daude, eta errutinatik irten dira honela. Euren lana gazteei azaltzen diete, eta gazteek mirespen aurpegiekin, irribarreekin eta txantxa txikiak eginez entzuten diete.

BISITA GIDATUEN IBILBIDEA CASILDA ITURRIZAR PARKEAN ZEHAR

Casilda Iturrizar parkea Bilboren altxorrik preziatuenetako bat da: 71 espezie dauzka, bost kontinenteetakoak. Horrexegatik, ibilbidea "ahateen" urmaela inguratzen duten bidexketan zehar doa, parkeak zuhaitzetan zer aberastasun daukan erakutsiz, eta handik pergolara igoz, eta Jesusen Bihotzetik gertuen dagoen urmaelean amaituz, Casilda Iturrizar andrearen bustoa dagoen lekuan (haren izena du, hain zuzen, parkeak).

Ibilbidean zehar seinalatu egiten zaizkie makalen lerdena, urmaelean bizi diren animaliak, platanondoen garaitasuna (bera da ugariena parkean), arteen berdea, gurbitzak, ezpelak eta gorostiak, Kanarietako palmondoak, kameliak, kanforrondoak bezalako bitxitasun botanikoak (Asiar zuhaitz horren zura distilatuz lortzen da kanfor olioa), Zelanda Berriko metrosidero espezieko ale bakarra, edo hosto gorriko pago bat, besteak beste.

Urmaeleko baserrian eta haren inguruko hesian ere geldiunea egiten da. Leku honetan ez daude soilik ahateak. Badira ere antzarak eta indioilarrak, babesturik, jendea sartu ezin den zona batean askatasunez ibili ahal daitezen.

Gero, pergolarantz igotzen gara eta han azaltzen da platanoek parke originalaren perimetroa inguratzen dutela. Perimetro hori, airetik ikusita, hiruki formakoa zen, eta 2006an, handitu zenean, ia laukizuzen forma hartu zuen. Platanoa da, hain zuzen ere, parkeko zuhaitz-espezierik ugariena, baita handienetako bat ere. Bertoko espezieen berri ere ematen da: hemen arteak, gurbitzak, haginak eta gorostiak ikusi ditzakegu; azken horrek neguan ematen duen fruitua da hegazti batzuen elikaduraren oinarria. Beraz, behar-beharrezkoa da.

Pergolan sartzean, erreseina historiko labur bat egiten da, haren forma eta egilea aipatzeko, ikasleek jakin dezaten. Pedro Ispizua izan zen egilea, eta garai hartan ohikoa ez zen forma bat eman zion. Pergolan dauden landareez hitz egitean, inguratzen duen igokari handia aipatzen da: glizina. Oso handia izateaz gain, udaberrian loratu eta lore sorta lilak ematen ditu, oso usain onekoak, pergola kolorez eta usainez apainduz. Beste batzuen artean, arrosak eta gorostiak dira leku honen itxuraren arduradun.

Pergolatik irtetean aurkitzen dugu parkeko etorbiderik handiena, kanariar palmondoz eta kameliaz inguratuta. Egitura batzuk daude, urteko landare loredunekin: egitura bera osorik estaltzen dute eta lorezko egiturak dirudite, oso koloretsuak.

Etorbidea urmael batean amaitzen da, Casilda Iturrizarren monumentuaren ondoan. Andre horren bustoaren alboan bukatzen da bisitaldia, emakume handi honi buruzko azalpen labur bat eginez: haren eskuzabaltasunari esker eta Bilboko uriari utzi zion ondareari esker, uriaren erdian dagoen parke honetaz goza dezakegu, besteak beste.

Hemendik hurbil pago gorri bat ikus dezakegu. Gorri kolorea zuhaitz honen ohiko berdearen aldean nabarmentzen da. Arbola hau oso zabalduta dago Euskal Herriko mendietan. Parkean badira ale gehiago ere, baina denak urmaelaren ondoan.

Gainera, amaitzeko, parkearen diseinatzaileak ere aipatzen dira: Ricardo Bastida arkitektoa eta Juan Eguiraun ingeniaria, zeintzuek, Forestier Europako lorategi miretsien proiektugilea eredu hartuta, 1907an diseinatu baitzuten parkea.