BILBO. "Darabilbo" programa dator hainbat jarduerarekin Bilbon euskara praktikatzeko maiatzean. "Darabilbo" Bilboko Udalaren eta Bilboko Euskaltegien Sarearen proiektu bat da. Kulturarekin eta denbora librearekin zerikusia duten jarduerak eta tailerrak eskaintzen dira. Ekintzak helduentzat dira eta doan.

“Erabili Euskara Bilbon” leloarekin, jarduerak taldeka egiten dira uriko auzoetan urte osoan zehar, uztailean eta abuztuan izan ezik. Jarduera horiek, oro har, euskaraz badakiten pertsonentzat dira, denbora librean euskaraz bizi nahi dutenentzat.

Era bateko eta besteko jarduera eta tailerren artean, badira bisita gidatuak Arte Ederren Museora eta Guggenheimera, Euskal Dantzak, antzerkia, garagardo, ardo, kafe eta olio dastaketak, kultur ibilaldiak Bilbon han eta hemen, kultur jarduerak, sukaldaritzako tailerrak, esku-lanak, argazkigintza, autodefentsa, teknologia berriak, literatur hitzaldiak eta abar. Jarduera guztiak euskaraz egingo dira, eta doan izango dira.

Datorren maiatzerako eskaintzan, badira, besteak beste, gozogintzako hainbat tailer, literatur hitzaldiak, jendaurrean hitz egiteko tailer praktiko bat, txakolin-, ardo- eta gazta-dastatzeak, ibilaldi gidatuak Masustegi auzoan zehar eta Arte Ederren Museoan Inazio Zuloagaren margolanen erakusketa eta "ABC. Bilboko Museoko Alfabetoa" erakusketa ikusteko bisita gidatuak.

Jarduera horietan parte hartzeko, Darabilbo web orrian eman behar da izena, eta ezinbestekoa da 16 urte beteta izatea (familiako jardueretarako izan ezik) eta euskaraz ahoz komunikatzeko adina jakitea: www.darabilbo.eus.