BILBO. Bilboko udalak 5 milioi euro bideratu zituen iaz ikastetxeen mantentzerako. Udalaren ardura da Uriko haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxeen eta haurreskolen mantentze-lanak egitea.

Gaur egun, Udalak 60 ikastetxe dauzka hiri osoan zehar barreiatuta: haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako 34 ikastetxe, eskolaurreko 2 ikastetxe, 14 haurreskola, helduen hezkuntzako 3 ikastetxe, urruneko hezkuntzako ikastetxe bat eta beste zenbait eraikin era batera edo bestera hezkuntzarako erabiltzen direnak.

Mantentze-lanak arintzeko, bada urteroko kontratu bat, 1.650.000 eurokoa. Ikastetxe horien beharrizanei erantzuteko, izapideak arinduz eta gorabeherak jakinarazteko modua erraztuz eta ondoren kaltetutako elementuak konponduz, bada tresna informatiko bat Bikaslan izenekoa, eta ikastetxeek haren bitartez jakinarazten dizkiote Bilboko Udalari beren beharrizanak. Hala, unean bertan jakin daiteke ikastetxeak zer mantentze-lan behar duen, eta lehenbailehen erantzun ahal zaie behar horiei.

Iaz, 2.278 komunikazio egin ziren BIKASLANen bidez, eta, horietatik, % 89 berehala konpondu ziren (komunikazioa egin eta berehala edo hurrengo egunean), presako gorabeherak barne.

Gainera, Bilboko Udalak inbertsioak egiten ditu hobekuntza-lan handiagoetan ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin batera finantzatuta. Hala, iaz, 2.407.148 euro balio izan duten obrak egin dira bide horretatik. Horri, bestalde, beste 900.000 euro gehitu behar zaizkio, Udalak ikastetxeetan egindako inbertsioetan baliatuak.

Iaz, mantentze-lan nabarmenenak hauek izan ziren, besteak beste:

Leihoak aldatzea eta tentsio baxuko kanpoko linea elektrikoa aldatzea Iruarteta HLHIan. Sotoa egokitzea, garbitokiak konpontzea eta ateburu karbonatatuak konpontzea Elejabarriko HLHIaren beheko solairuan.

Komunetan zorua eta zokaloak aldatzea eta zoladura berritzea Basurtoko HLHIaren karrerapeetan. Burdin hesi artistikoak berritzea Juan Manuel Sánchez Marcos HLHIan.

Teilatuko elementu goratuak birgaitzea eta estalkia birgaitzea Miribillako HLHIan.

Ikastetxeko lokal bat egokitzeko obrak (antzinako haurreskolen inguruan, zehazki) Zamakolako HLHIko IGEarentzat.

Kanpoaldeko zutabeen egitura birgaitzea eta patiorako sarbidea estaltzea San Inazioko HLHIan. Komunak eta garbitokiak egokitzea Artatseko HLHIan.

Kanpoaldeko tenpleteak birgaitzea eta eraikina husteko bideen irisgarritasuna hobetzea Indautxuko Eskolan (bigarren obra hori 2019an amaitu zen).

Azken urteotan, ahalegin handia ari gara egiten ikastetxeetako leihoak aldatzeko, ikasleak ahalik eta erosoen egon daitezen, hotzetik eta berotik babestuta. Hobekuntza hori apurka-apurka ari da gauzatzen, ikastetxez ikastetxe.

2019AN IKASTETXEETAN EGITEN ARI DIREN INBERTSIOAK

2019 honetarako, 5 milioi euro bideratu dira Bilboko ikastetxeetan inbertitzeko. Aurreko urteetan bezala, ikastetxeen mantentze-kontratuaren bidez erantzungo zaie ikastetxeetako konponketa txikiei eta presako lanei, ezin lasterrago (1.650.000 euro ia).

Gainera, 3.500.000 euroko aurrekontua osatu da ikastetxeetan egin beharreko inbertsioetarako, eta honela banatuko dira, zehazki:

1.000.000 euro haur-hezkuntzako eskoletan edo haurreskoletan egin beharreko inbertsioetarako.

1.200.000 euro, ikastetxeetan egin beharreko inbertsioetarako.

1.300.000 euro, obra handiagoetarako, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak batera finantzatzen dituzten horietarako.

Bilboko Udalak ikasturte honetan gauzatuko dituen obrarik garrantzitsuenak hauek dira:

Leihoak aldatzea Pio Baroja eta Txurdinaga ikastetxeetan.

Elejabarriko HLHIko eraikin nagusiaren fatxadak birgaitzea.

Zamakolako Juan Delmas HLHIaren sotoa biltegitarako egokitzea.

Miribillako HLHIaren fatxada guztiak birgaitzea.

Iruartetan haurreskola berri bat eraikitzea. Haurreskola berri horrek 42 leku izango ditu gehienez, 0 eta 2 urte arteko haurrak hartzeko. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila ikastetxea handitzeko obrak egiten ari da, eta eraikin berri bat eraikitzen horretarako. Eraikin horren barruan kokatuko da haurreskola berria, Udalarena izaki hura eraikitzeko ardura. Era horretan, zerbitzu osoa emango zaio Juan de Garayn kokatuta dagoen ikastetxe horri, zeren eta haurreskolako plazez gain haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako plazak ere eskainiko baititu, inguru horretako familiei hezkuntza-zerbitzuak emanez.