Abian da Hitz-Erdiko Kontaketak lehiaketaren edizio berria. Martxoaren 10era arte jasoko dituzte ZirtZarten ipuin laburren lehiaketa honetarako lanak. “Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur...” izango da abiapuntua. Esaldi horretatik hasita, gehienez ere ehun hitzeko kontakizuna idatzi beharko dute parte-hartzaileek. Lau sari egongo dira: Lehen sailkatua, Bigarren sailkatua, Hirugarren sailkatua eta Elkar saria.

Lehiaketa ZirtZart Basaurik -Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak- antolatzen du, Kultur Basaurirekin lankidetzan, eta Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin. 12-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen horren helburua da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.

“Bakar-bakarrik onartuko dira euskaraz idatzitako mikrokontakizunak. Nahi adina kontakizun aurkeztu ahalko ditu parte-hartzaile bakoitzak”, lehiaketaren oinarrietan ager- tzen denaren arabera. Bosgarren edizioa da aurtengoa, eta orain arte antolakuntzak denera 429 proposamen jaso ditu; 89 lehen edizioan, 83 bigarrenean, 54 hirugarrenean eta 203 laugarrenean. Iazko deialdian Mungian bizi den Naroa Elortegi, Bediako Karlos Aretxabaleta eta Berrobiko Eneritz Alberdi izan ziren, hurrenez hurren, lehen, bigarren eta hirugarren sarien irabazleak. Malen Maruri bilbotar gazteak jaso zuen Elkar Saria.