- Urtarrilean jarriko du abian ZirtZart Basaurik Musika Taldeak Eratzea programa, musika taldeen sorkuntza sustatzeko helburuarekin. Urtarrilaren 13an jarriko dira abian Basauriko Udalak, ZirtZart Gazte Zerbitzuaren bitartez, urtero eskaintzen dituen musika-tresnen formakuntza ikastaroak.

Bost modalitate bereizi dira: kantua, gitarra, baxua, bateria eta haize taldea. “Dinamikari dagokionez, ikasleek jasoko dituzten praktikak ez dira aukeratutako instrumentura mugatuko, hau da, beste taldeetako parte-hartzaileekin ere jardunean arituko dira, musika taldeak sortzea sustatu nahian”, azaldu dute Zirt Zart zerbitzutik. Horrela, eskaintza honek tresnaren erabileran sakontzeaz gain, musika talde bat eratzeko gogoa piztea du helburu. Urtarrilaren 13tik hasita, ekainaren 9ra arte luzatuko dira ikastaroak, eta “Aste Santuan izan ezik, ostegunetako arratsaldeak finkatuta daude Basauriko Basozelai Gizarte Etxean, 19.30etik 20.45era”.

Ekainaren 11n ikasturte amaierako entzunaldia izango da Ibaigane Kultur Etxean, eta bertan hilabeteetan zehar ikasitakoa publikoaren aurrean aurkezteko aukera izango dute ikasleek. “Bost modalitateak urte askotako eskarmentua duten irakasle eta musikariez osatuak daude”.

Izena emateko epea irekita dago abenduaren 26ra arte, eta interesdunek inskripzioa egiteko aukera izango dute ZirtZart gazte zerbitzuaren webgunearen bitartez, modu telematikoan edota zuzenean Basozelai Gizarte Etxeko Gazte Informazio Bulegoan. Nagusiki 12-35 urte bitarteko basauriarrei zuzenduriko formakuntza da hau.

“Modalitate bakoitzak plaza kopuru mugatua du, eta banaketari dagokionez lehentasuna dute ZirtZart Bazkide Txartela sisteman altan direnek”. Ikasturtearen prezioa 133 euro da; bazkideek, ikasleek eta langabetuek %50eko deskontua izango dute, eta DBEa jasotzen dutenek, %75ekoa.

Robotak eta bideo-jokoak sortu eta programatzea gustuko duten gazteei zuzenduriko Gabonetako campusa antolatu du Basauriko Udalaren ZirtZart Gazte Zerbitzuak. Bertan, besteak beste, Scratch, Kodu edota mBot sistemak ezagutu eta erabiltzeko aukera izango dute, STEAM metodologia oinarri izanda. Denera, lau saiok osatzen dute eskaintza, eta bakoitzak hiru orduko iraupena izango du.

“Gabon Tekno Campusean parte hartu ahal izateko 12-16 urte bitartekoa izan behar da”, diote antolakuntzatik. Ekimena Basauriko Arizko Dorretxean egingo da, abenduaren 27tik 30era bitartean, 10.00etatik 13.00etara. Interesdunek abenduaren 20ra arte dute izena emateko epea; telematikoki inskripzioa egiteko aukera dago ZirtZart Basauri webgunean, eta modu presentzialean ere Basozelai Gizarte Etxeako Gazte Informazioa Bulegoan. Plaza kopuru mugatua dago, eta ZirtZart Bazkide Txartela duten gazteek lehentasuna izango dute.

Prezioari dagokionez, bazkideek 12 euro ordaindu beharko dute ikastaroan parte hartzeagatik, eta aldiz, herrian erroldatuta egon baina bazkide ez direnek, 18 euro.

Argibide gehiagorako Basauriko Udala - ZirtZart Gazte Informazio Bulegoan informatzeko aukera dago, baita 944 666 430 telefonoan ere, eta zirtzart@basauri.eus helbide elektronikoan eta zirtzart.basauri.eus webgunean. Zirt Zart Basauri zerbitzuaren sare sozialen bidez ere lor daiteke informazio gehiago.