Basaurik aurreiritzi arrazistei aurre egiteko errezetak prestatu ditu. Beste urte batez, Basauriko Udaleko Immigrazio Arloak eta Basauri-Etxebarriko Lanbide Hastapenerako Ikastegiak bultzatutako Zurrumurruen aurkako Estrategiaren barruan, Basauriko kultura aniztasunari balioa eman nahi dion zurrumurruen aurkako ekintza bat landu da gastronomiaren bitartez. Basauriko Errezetak-Recetas de Basauri ekimenarekin immigrazioaren inguruan dauden zurrumurruen aurka borrokatu nahi da,Basauriko Errezetak-Recetas de Basauri eta udalerriko prestakuntza-zentro honetako ikasleak inplikatu dira.

Izan eren ekimen honek kulturen arteko bizikidetzaren eta topaketaren alde egiten du, eta, horregatik, urriaren 14an, ostalaritzako bigarren mailako ikasleek zurrumurruen aurkako tailer batean parte hartu zuten. Horren bitartez, “gure inguruko estereotipoak eta aurreiritziak aztertu ahal izan zituzten, eta horiek gure harremanetan duten inpaktu negatiboa nolakoa den landu”, azaldu dute Udaletik.

Errealitate horri aurre egiteko asmoz, “parte hartzeko dinamika bat jarri zen abian, eta ikasleek zurrumurru arrazista eta xenofoborik gabeko bizikidetza baten aldeko proposamenak egiteko aukera izan zuten sukaldaritzaren bitartez; kasu honetan, Basauriko Errezetak-Recetas de Basauri ekintzaren bitartez. Gizarte Politikako zinegotzia, María Larrinagak azaltzen duen moduan, azken asteotan, ikasleak familiako errezetak jasotzen aritu dira gaur Basauri-Etxebarriko Lanbide Hastapenerako Ikastegian aurkeztu diren platerak aukeratzeko, eta, horrela, “herritarrak gaur egun Basauriko gastronomia osatzen duen zapore aniztasunera hurbiltzeko”.

Beste ekimen batzuk

Hain zuzen, “gastronomiaren inguruan izaten baitira sarri gure herriko topaketak, gozatzeko uneak eta jaiak”. Horien artean, aipatzekoak dira Basauri-Etxebarriko Lanbide Hastapenerako Ikastegiko ikasleek eginiko Zurrumurruen aurkako pintxoak edo urte luzez Basaurin eginiko Bizilagunak otorduak, bizikidetzarako hainbeste errezeta eman dizkigutenak. Zentzu honetan, Basauri-Etxebarriko Lanbide Hastapenerako Ikastegian sortutako proiektu hau “ez da hemen amaituko; irekita egongo da bizikidetzarako errezetak eman nahi dituzten pertsona, familia, txoko eta ostalaritzako establezimenduei, besteak beste”. Horien errezetak jaso egingo dira, eta publikoki aurkeztu.

Bizilagunak ekimenari dagokionez, nabarmentzekoa da Basaurin dagoeneko hainbat edizio egin direla. Basaurin jaiotako pertsonak eta kanpotik iritsitako beste batzuk mahai baten inguruan elkartzean eta partekatzean datza. Horrela, elkarren artean ezagutzea eta kultura ezberdinak partekatzea da asmoa.