"Ahalduntze feminista familiaren zaintzan" programaren bidez, Galdaoko Udalak emakumeentzako ahalduntze saioak eskainiko ditu. Zehazki, mendekotasun-egoeran dauden senitartekoak zaintzen dituzten emakumeei abiatuta dago.

Udalako Berdintasun Arloak jakinarazi duenez, Torrezabal kultur etxean antolatuko dira azaroko hiru ostegunetan: 12, 19 eta 26an, 11:00etatik 12:30era. Gainera, saioak doakoak dira.

Galdakaoko Udala, Berdintasun Arloaren bitartez, elkarlanean ari da Bizitzen Fundazioarekin eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearekin, Zainduz programaren barruan. Helburua da mendekotasun edota desgaitasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten emakumeak eta, oro har, gizartea sentsibilizatzea, emakume horiek jasaten duten zuzeneko eta zeharkako indarkeriaren inguruan, eta prebentzio estrategiak sortu ahal izatea.

Familiako zaintzaileen % 89 emakumeak dira. Familia zaintzea generoarekin hertsiki lotutako eremua da, kulturalki haien gainean jartzen den zeregina baita. Emakumeen betebehartzat hartzen da, eta, gainera, jarrera pazientea eta onbera izatea eskatzen zaie; bestela, gizartearen zigorra jasoko dute. Adinekoak zaintzen dituzten emakumeen egoera ez dago behar bezala baloratuta, eta ikusezina da familian, gizartean, erakundeetan eta politikan oro har. Zaintzaren praktika desberdintasun, babesgabetasun eta errekonozimendurik gabeko baldintzetan egiten da.

Gainera, indarkeriazko praktika inplizituak daramatza, ez agresibitatea dagoelako, baizik eta, emakumeen eskubideak babestu eta defendatu ordez, gizarteak eta Estatuak berak onartzen, praktikatzen eta errepikatzen duten desberdintasuna modu sotilean errepikatzen delako. Beraz, beren eskubideak egikaritzetik kanpo uzten ditu, batez ere herritartasun eskubideetatik kanpo. Egoera horietan indarkeria estrukturala, kulturala eta sozioekonomikoa agertzen dira.

Azkenik, azterlan askok argi uzten dute familiaren zaintza lan bizia eta estresagarria dela, laguntza eskatzen duena, eta eragin desberdina duela familiako zaintzaileen osasunean, sexuaren arabera. Familiako emakume zaintzaile gehienek ondoez emozional handia jasaten dute (gizon zaintzaileena baino handiagoa), emakumeek jasaten duten indarkeria ikusezin horren ondorioz.

Proiektuaren helburua da familiako emakume zaintzaileek familia-zaintzaren esparruan dauden genero desberdintasunen berri izatea eta horietaz jabetzea, eta, aldi berean, bizi ditzaketen indarkeria egoerak aztertzea eta identifikatzea, egoera horien aurrean konponbideak emateaz gain, desberdintasunei eta indarkeria egoerei aurre egiteko eragile aktibo bihurtzea, arlo pertsonaletik arlo kolektibo eta sozialera ahalduntze ibilbidea eginez.

Esperientzia hau Udalaren Zainduz programaren laguntzarekin gauzatuko da.