Etxebarrin Ondarearen Europar Jardunaldien edizio berri bat ospatuko dute datozen egunetan. Guztion ondarea, denok parte - Ondare irisgarri eta inklusiboa izenburupean, bisita gidatu bat egingo dute udalerriko ondarea ezagutarazteko. Horrela, aurtengo edizioan argazki erakusketa bat eta ibilbide ludiko-historikoa antolatu dituzte. Bi ekimen horiekin, beste behin ere, Etxebarrik bat egin du Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Ondarearen Europako Jardunaldiekin.

Horretarako, programa interesgarria antolatu dute urriaren 15etik 24ra, udalerriko ondarea ezagutarazteko eta zabaltzeko. Udaletik azaldu duten bezala, “aurtengo jardunaldien helburu nagusiak irisgarritasuna eta inklusibitatea dira. Asmo horrekin, publiko guztien beharren araberako programa bat prestatu da, pertsona guztiek programako jarduera guztiez gozatu ahal izatea bermatzeko beharrezko egokitzapenak eginez eta, horrela, Etxebarriko ondarea herritar guztiei hurbilduz”.

Jardueren programaren barruan, urriaren 15etik 24ra, argazki erakusketa antolatu da Kultur Etxean, Harrera-Acogida. Erakusketa gidatu bat da, eta haren bidez, “dibertsitate funtzional intelektual eta psikikoa duten artisten lanak ezagutu ahal izango dira, eta erakusketaren gaiak gerren eta gerra-gatazken ondorioz errefuxiatuen fenomenoan sakontzen du”, diote. Erakusketa publikoari irekia egongo da hurrengo egun eta ordutegian: urriaren 18an 12:00etan (bisita gidatua, aurrez izena emanda) eta bisita libreak (izenik ez da aurretik eman behar) urriaren 15ean eta 22an arratsaldez 18:00etatik 20etara eta urriaren 17an eta 24an goizez 12:00etatik 14:00etara. Ibilbide gidatuari dagokionez, urriaren 22, 23 eta 24an egingo da.

Bisita gidatu baten bidez egingo dute ibilbide hau. “Etxebarriko behealdeko hiri-ibilbidea da eta udalerriko toponimia ezagutaraziko da, bai eta leku historikoak eta interes arkitektonikoa dutenak ere”. Ibilbidearen luzera 1,5 kilometro ingurukoa izango da. Aipatzekoa da “bai erakusketa bai bisita gidatua mugikortasun urriko, entzumen zein ikusmen mugak dituztenei” egokituta daudela. Izena aldez aurretik ematea beharrezkoa da. Ibilbidean dauden seinaleei beste euskarri bat gehitu zaie QR sinboloarekin.

“Honen bidez udalaren web gunean dagoen informazioa kontsultatu ahal izango da. Informazio hau ikusentzunezko mugak dituzten pertsonei begira piktogramen bidez eta audioen bidez osatuko da”. Izena emateko 94 426 70 05 telefonora deituz edo kultura@etxebarri.eus helbidera idatziz egin daiteke. Informazio gehigarria hemen aurki daiteke: http://www.etxebarri.eus/eu-ES/Jarduerak/Orriak/20211024-jornadas-europeas-del-patrimonio-octubre-2021.aspx.