Enplegu Planeko agente zibikoek 1.711 esku-hartze egin dituzte Basaurin. Azken urtean, Covid-19a hedatzea ekiditeko neurrien betetzea zaintzeari lotuta egon dira gehienak. Eusko Jaurlaritzak (Lanbideren bitartez) eta Basauriko Udalak batera finantzatutako Enplegu Planean aritutako 10 agente zibikoek 1.711 esku-hartze egin dituzte, 2020ko abendutik ekainera arte. Zentzu honetan, "herritarrei argibideak eta lagun-tza ematen, eta indarreko araudia ez betetzeari buruzko ohartarazpenak egiten aritu dira, Udaltzaingoaren zaintzapean", azaldu dute Udaletik.

Aurretik, Udaltzaingoak berak emandako prestakuntza jaso zuten denek, zenbait gairen inguruan: herriko kale-izendegia, udal ordenantzak, autobabes neurriak, trafiko-araudia, bizikidetzari eta norbanakoen arteko desadostasunak konpontzeari buruzkoa... eta, nola ez, "Covid-19a geldiarazteko neurriak jasotzen dituzten dekretuei buruzkoa. Horrez gain, trafikoa zuzentzeko eta gatazkak konpon-tzeko prestakuntza praktikoa jaso zuten". Egindako jardueretatik "nabarmendu daitezke covid-19a hedatzea prebenitzeko neurriak betetzen zirela zaintzeko lanak: esku-hartzeen % 33,90 eremu horretakoa izan da".

Aipagarria da, era berean, "antzeman dituzten edo herritarrek jakinarazi dizkieten huts edo kalte guztien berri emateko zeregina jarduera osoaren % 26,30 alor horretakoa izan dela". Beste alde batetik, "araudiak betetzea ere zaintzen ibili dira (bai udal ordenantzak, bai trafikokoak, bai zenbait arau-hauste): egindako lanaren % 10,7 tankera horretakoa izan da". Antzeko kopurua (% 10,11) izan dute herritarrei laguntza emateko esku-hartzeak -erortzeetan, ondoezetan eta abar-. "Trafikoa gidatzea eta, bereziki, ikastetxeetara sartzerakoan eta bertatik irtetean laguntzea izan da agente zibikoen eginbeharraren % 6,31", azaldu dute.

Enplegu-plana

Udaletik aipatu dutenaren arabera, "herritarrek ondo baino hobeto hartu dute zerbitzua, eta, zaintza-lanak martxan egon diren bitartean, sarritan jo dute agenteengana". Basauriko agente zibikoen kasuan, kontratatutako gehienak emakumeak izan dira (10etik, 8). "Programa honek lan-merkatura sartzea erraztuko die". Guztira, Udalak 69 langabetu kontratatu ditu enplegua sustatzeko programaren barruan. Helburua izan da lan-merkatura sar-tzen laguntzea denbora luzez bertatik kanpo egon direnei.

Kontratuek sei hilabeteko iraupena izan dute eta hile honen amaieran amaituko dira. Zenbait proiektu eta programa garatu dituzte udalerrian. Besteak beste, "administrari-laguntzaileak, mandatariak, goi-mailako teknikariak eta peoiak arituko dira Udalaren mendeko arlo eta erakundeetan". Programaren helburua da "lan-munduratzeko zailtasun bereziak dituztenei lana lortzeko erraztasunak ematea, beren gaitasun edo prestakuntza pertsonala eta motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lana eskainita", azaldu zuten martxan jarri zutenean.

Horregatik, izangaiek, langabezian egoteaz gain, honako talde hauetako batean egotea beharrezkoa da: 35 urtetik beherako langabetuak; 45 urtetik gorako langabetuak; 55 urtetik gorako langabetuak; denbora luzez langabezian egondakoak; gizarte-bazterkeria arriskuan daudenak, edo DSBEaren titularrak zein onuradunak direnak. Azkenengoa izan da orain arte egindako inbertsiorik handiena, enplegua sustatzeko planak Basaurin martxan jarri zirenetik. Eusko Jaurlaritzak 848.527 euro inbertitu ditu, eta Basauriko Udalak 227.176.

Enplegu plana

10 agente

1.711 esku-hartze. Enplegu Planean aritutako 10 agente zibikoek 1.711 esku-hartze egin dituzte, 2020ko abendutik. Herritarrei argibideak eta laguntza ematen, eta indarreko araudia ez betetzeari buruzko ohartarazpenak egiten aritu dira, Udaltzaingoaren zaintzapean.

Covid-19

pREBENITZEKO NEURRIAK. Egindako jardueretatik "nabarmendu daitezke covid-19a hedatzea prebenitzeko neurriak betetzen zirela zaintzeko lanak: esku-hartzeen % 33,90 eremu horretakoa izan da". Beste alde batetik, "araudiak betetzea ere zaintzen ibili dira".