Ekainaren 26an eta uztailaren 3an, Basaurin, ZirtZart Basauri gazteria zerbitzuaren eskutik eta Aztarnak elkartearekin elkarlanean, Urban Festa ospatuko da berriz ere, graffitiaren artearen inguruan. Gainera, aurten berrikuntza gisa, Urban Festaren 10. urteurrenarekin bat eginez, ekitaldia Basauriko bi tokitan egingo da.

Ekainaren 26an, Solabarria Plazan, Udaberri Basauri egitarauaren barruan, ekitaldia goizeko hamaiketan hasiko da graffiti eta serigrafia tailer batekin, bi saiotan banatuta. Profesional adituen gidaritzapean egongo dira, eta doakoak izango dira. Gainera, edukiera mugatua izango dutenez, aldez aurretik izena eman beharko da ZirtZart webgunean. Horiek bukatzean, 14:00etan, graffiti erakustaldi txiki bat hasiko da, egun osoan zehar zabalik egongo dena. Amaitzeko, 19:30ean, La Basu artista bilbotarrak musika tresna berriekin harrituko gaituen kontzertu bat eskainiko du.

Uztailaren 3an, larunbata, Urban Festa bere ohiko tokira itzuliko da, Bazozelaiko Gizarte etxeko hormetan egingo den arte erakustaldiaren bidez. Goizeko hamaiketan emango zaio hasiera jardunaldiari, grafiti erakusketan parte hartuko duten berrogei lagun ingururen lehen zirriborroekin batera. Horren osagarri, "Aiaraldeko Sound System" taldeko Urre2 eta R-lantz DJek zuzeneko musika eskainiko dute. Ohitura bihurtu den legez, «Batalla de Stylos» txapelketarekin emango zaio amaiera jardunaldiari. Binaka jokaturiko lehiaketa horretan, parte hartzaileek denbora tarte laburra izango dute espray botea esku artean hartu etadiseinurik erakargarriena margotzeko. Asko bidean geratuko dira, eta bakar batek lortuko du garaipena .

Egitarau osoa doakoa da, eta tailer nahiz zuzeneko emanaldien plaza kopurua mugatua izango da.