Mugikortasun jasangarria sustatzeko jarduerak, Basaurin

Sagarrak elkarteak hainbat ekimen prestatu ditu ekainean bizikletaren inguruan

07.06.2021 | 00:56
Bizikletaren inguruan izango dira jarduera gehienak.

Mugikortasun jasangarria sustatu. Hori da Sagarrak elkartearen helburu nagusietako bat. Hainbat jarduera jarri dituzte martxan azkenaldian hori lortzeko edo, gutxienez, kontzientziazio-lan nekaezina egiteko, ildo horretatik jarraituz. Ekainean hainbat ekimen antolatu dituzte mugikortasunarekin eta bizikletarekin lotuta. Asteburu honetan Jane Jacobsen paseoa egin dute. Pozokoetxe eta Larrazabalen zehar oinez ibiliz, auzo desberdinei buruz ere ezagutzeko aukera zabaldu dute.

Ekainaren 14tik 18ra, bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroa antolatu dute. "Oreka mantentzen eta pedalei eragiten ikasteko. Ez arduratu: guk lagunduko dizugu zure zailtasunak gainditzen!", parte hartzera animatzen dute. Bizikletan ibiltzen hasteko aukera ezin hobea izango da. 16 urtetik gorakoentzat da eta ordubeteko bost saio izango ditu ikastaroak. Izen-ematea ekologia@sagarrak.org posta elektronikoaren bidez edo telefonoz (94 426 37 69 – 645 705 118) egin daiteke, "izen-abizenak eta telefono-zenbakia adierazita", diote.

Ekainaren 20an bigarren eskuko bizikleten lehen azoka antolatu dute. Azoka Arizgoitiko plazan izango da, 11:00etatik 14:00etara. "Bizikletak gordailuan uzteko zerbitzua zabalik egongo da 09:00etatik 11:00etara. Saltzeko diren bizikletak ekarri, eta, gordailu-zerbitzu baten bidez, saltzeko eta erosteko gunea sortuko da", azaldu dute. Beraiek arduratuko dira "ekarritako bizikletak zaintzeaz eta saltzeaz. Bakoitzak behar duen bizikleta prezio onean eskuratzeko aukera ezin hobea ere egongo da".

22tik 24ra, oinarrizko mekanika ikastaroa egiteko aukera egongo da. Argazkia: Sagarrak

Bizikletaren beste zati garrantzitsu bat ere ez dute ahaztu, mekanika, esaterako. Horretarako 22tik 24ra, oinarrizko mekanika ikastaroa egiteko aukera egongo da. "Beste ibilgailuak erabiltzean gertatzen zaigun bezala, bizikletan ere ezustekoak suertatu ahal dira. Lasai egoteko, bizikleten oinarrizko mekanikaren alorreko ezagutza batzuk izan behar ditugu, tupustean egin beharreko konponketak behar bezala egiteko". Sei orduko iraupena izango du (3 saiotan) eta tokia oraindik ez dute zehaztu. 20 euro ordaindu beharko dira parte hartzeko, eta izena emateko, aurrez aipatutako bideak erabil daitezke.

27rako ibilbide gidatu bat prestatu dute. Nerbioi ibai ertzetik, "landare inbaditzaileak antzemateko". Nerbioi ibaiaren Basauriko zatian izango da. "Paseo atsegina egingo dugu Eduardo Renovales Ekologistak Martxaneko natura ingurune adituarekin: eremuko landareak, horiek eragindako arazoak eta balizko irtenbideak identifikatzen irakatsiko digu", azaldu dute. 11:00etatik 13:00etara egingo dute ibilbidea eta helduen hezkuntza ikastetxetik abiatuko da martxa. Toki kopurua mugatua denez, parte hartu nahi izanez gero, izena eman beharko da derrigorrez (ekologia@sagarrak.org. edo 94 426 37 69 telefonoan).

"Ohiko mugikortasunak motordun ibilgailuekiko eta erregai fosilekiko mendekotasun handia dauka. Gainera, eragin negatibo itzela dauka ingurumenean eta gizabanakoon osasunean", diote. Ecologistas en Acción elkartearen txosten baten arabera, 2018an, "Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatutako mugak gainditzen zituzten kutsadura-mailak pairatu zituzten euskal herritarren % 70ek". Horregatik "funtsezkoa da mugikortasun jasangarrirantz jotzea. Mugitzeko modu bat bilatzea, non lehenetsiko ditugun garraiobide efizienteak; non oinez eta bizikletaz joatea sustatuko dugun".

 
noticias de deia