Euskadiko Kros Egokitu Txapelketa izango da Lapatzako zirkuituan igande honetan, otsailak 28. Basauriko Udalak Escombrera parkeko gune hori txukundu du, lehiaketetarako, paseatzeko, korrika egiteko zein bizikletan ibiltzeko erabili ahal izan dadin. Ingurune naturala da, berdegune asko ditu eta paseatzera joaten den lekuetako bat izaten da. Baina, horrez gain, entrena-tzeko eta kros lasterketak egiteko tokia ere bihurtu dute.

Igande honetan, dozenaka atleta bilduko dira Lapatzan, egokitutako kros txapelketa honetan parte hartzeko. Beraz, diziplina honetako kirolari onenetako batzuk egongo dira. Kirol Egokituaren Euskal Federazioak eta Basauriko Club Atletismo Adaptado Ascensores Bertako -Javi Conde- elkarteak antolatu dute igandeko proba. 70 atleta baino gehiagok hartuko dute parte, ezgaitasunik gabeko korrikalariek barne, proba inklusiboa baita. Beraz, desgaitasunen bat duten kirolariak egongo dira, baita desgaitasunik ez dutenak ere.

Probak 11:00etan hasiko dira gizonezkoen kirol trebetasunen kategoriarekin. 11:20ean emakumezkoen kirol trebetasun egokituak eta juniorrak izango dira, eta 11:50ean amaituko da lehiaketa egokituarekin (juniorra eta down maskulinoa). Lehiaketa hori oso garrantzitsua da datorren Espainiako Txapelketan atletek izango dituzten aukerak aztertzeko. Espainiako Txapelketa martxoaren 6an izango da, Dos Hermanasen (Sevilla). Osasun-segurtasunagatik, ezin izango da ikuslerik sartu zirkuituan.

Javi Conde, Basauriko klubeko eta Kirol Egokituaren Euskal Federazioko presidenteak azaldu duenez, “aurtengoa oso urte zaila izan da klub mailan, baina maila altua mantentzea lortu dugu, 2020ko Espainiako Txapeldun tituluarekin, bai krosean bai aire zabaleko pistan. Atleten, senideen, entrena-tzaileen eta zuzendaritza batzordearen lan nekaezina izan da, lasterketak antolatzen atleten motibazioa mantzentzeko helburuarekin”. Eta prozesu horretan guztian, funtsezkoa izan da igandean txapelketa jokatuko den pista izatea, “etekin handia atera baitiogu Lapatzan dugun kros zirkuitu iraunkorrari”. Igandekoa izango da Lapatzako zirkuitu iraunkor horretan egingo den lehen proba ofiziala. Basauriko Udalak eremua prestatu du kros zirkuitu bat egiteko; horretarako, lurra garbitu, harriak kendu eta ibilbidea seinaleztatu du belar mozketaren bidez.