Ostalaritzarako laguntza -lerro berri bat abiarazi du Basaurik. Udalak 150.000 euro gehiago bideratuko ditu laguntza hautearako. 400 edo 575 euroko laguntzak izango dira oraingoan. Helburua da “pandemiaren ondoriozko jarduera-murrizketek ostalaritzan eragindako galerak arintzea”, azaldu dute.

“Ostalariei jakinarazi zitzaienez, laguntzak ordaintzen hasiko dira 2021eko aurrekontuak behin betiko onespena jaso bezain laster. Dena dela, izapideak aurreratu dituzte: dagoeneko idatzita daude zuzenean ematekoak diren lagun-tza berrien oinarri arautzaileak, eta, horri esker, gaia jorratu ahalko dute Ogasuneko Informazio Ba-tzordearen hurrengo bileran”.

Laguntzak jaso ahalko dituzte “Basaurin dauden eta 50 langile baino gutxiago dituzten ostalari-tza-establezimenduek”. Onuradun bakoitzari eman beharreko zenbatekoa ezartzeko, “aintzat hartuko da ea establezimendua erabat ala partzialki itxita (etxeko zerbitzua edo aurretiazko hitzordu bidezkoa ematen) egon den”. Guztiz itxi behar izan dutenek 575 euroko laguntza jasoko dute; eta partzialki itxi dutenek, berriz, 400 eurokoa. Laguntzak eskatzeko epea zabaldu bezain laster, Udalak horren berri emango du, eta azalduko du lagun-tzak zelan izapidetu behar diren.

“Badakigu laguntzak ez direla nahikoa izandako galera guztiak arintzeko, baina Udalak ahalegin handia egin behar izan du berauek emateko. Aurrera begira, egoera luzatzen bada eta beharrezkoa izanez gero, eta, betiere, Udalaren ahalmen ekonomikoaren arabera, beste ekimen batzuk egitea baloratuko dugu, sektore horiei aurrera egiten laguntzeko, beste erakunde batzuetatik jasotako laguntzekin batera”, azaldu du Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Udalak, dagoeneko, 432.000 euro bideratu ditu ostalari, enpresa txiki eta ertain eta autonomoentzako laguntzetara. Horietatik, “382.000 euro joan dira alarma-egoerak eragindako galerak arintzeko 590 laguntzatara; eta 49.705, berriz, covid-19aren aurkako segurtasun eta prebentzio-neurriak eta birusa zabaltzea prebenitzeko neurriak bermatzeko inbertsioen ondoriozko gastuetarako 119 laguntzatara”.

Beste alde batetik, merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduetan egin beharreko inbertsioetarako dirulaguntza-lerroa 120.000 eurokoa izango da (lehen, 30.000 ziren), koronabirusaren aurreko prebentzio-gastuak ere barne hartu ahal izateko.

Gainera, “merkatari eta ostalariei %65 murriztuko zaie 2020ko zabor-bilketa tasa; ostalaritzako terraza-tasan %35 baino ez zaie kobratu, eta Udalak baimena eman die aparkalekuetan terrazak jartzeko”, adierazi dute. Birusak eragindako egoerari aurre egiteko Udalak martxan jarri duen beste ekimenetako bat kontumo-bonoak izan dira. Horrela, 150.000 euroko partida bideratu du kontsumo-bonuetara (merkataritza edo ostalaritzan erabiltzeko). Joan den urteko irailean ere, 100.000 euro bideratu ziren Eskola-bonua kanpainara, eskola-materiala udalerriko dendetan erosteko.