Covid-19ak eragin nabarmena izan du Galdakaoko Udalaren aurrekontuetan. Diru-sarreren jaitsieraren ondorioz, datorren urteari begira 33.313.975 euroko aurrekontua izango du Galdakaok, aurten baino 4.238.867 milioi euro gutxiago. Sustapen Ekonomikorako partida %14,4 eta Gizarte Ekintzarakoa %8,6 handituko dira hurrengo urterako aprobatu diren aurrekontuetan. Udal gobernutik adierazi dutenez, “bost lehentasunen arabera landu ditu kontuak udal gobernuak: krisi egoera gogor honetan udalaren baliabideak pertsonentzat eta pertsonekin bideratzea; tokiko ekonomia babestea; etorkizun hobe baterako heziketan inbertitzea; datozen beharretara egokitzeko digitalizazioa sustatzea; eta herritarren ahotsa jasotzea”.

Gizarte larrialdietarako laguntzen partida 700.000 eurokoa izango da esaterakao (179.157 euro gehiago), eta “gizarte laguntza indibidualak asko handitu dira: 15.000 euro izatetik 135.000 euro izatera” pasa dira. Beste alde batetik, “Euskal kultura eta hezkuntza udalerri sendo baten ikur dela sinetsita”, %7 handituko da inbertsio hori. Adibidez, udalekuak eta ludotekak indartuko dira eta arte eszenikoa sustatuko da ikastetxeetan. Inbertsioei dagokionez, 1.000.000 euro herritarrek aurrekontu parte hartzaileetan erabakitako proposamenak gauzatzera bideratuko da.

Beste igoera handi bat digitalizaziora bideratutako diru kopuruak izango du (%51,12). Horrela, digitalizaziorako “apustua egitea orainaren eta etorkizunaren aldeko apustua egitea da; Udalak ezinbestean erantzun behar dion erronka”. Dirutan 65.300 eurokoa da igoera hori. Gobernu-taldearen ustez, “datuek erakusten dute pertsonei lehentasuna emateko erabakia”.

Beste partida batzuk murriztu dira aurrekontu hauek aurrera ateratzeko. Horrela, Alkatetzatik jaitsi da gehien (%27,14), “batez ere protokolo arretatik, publizitatetik eta bestelako kanpoko lanen ataletik”. Zerbitzu orokorretarako partida %19,12 gutxitu da, Ondare eta Ogasunekoa %10,59, eta Arlo Teknikokoa %5,04. “Aipagarria da jaiei dagokien partida zehatza: %57,35 txikitu da”.

“gAITASUN FALTA”

Udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemoseko ordezkarien aldeko botoak jaso ditu proposamenak. Bestalde, EAJ-PNVko ordezkariak abstenitu egin ziren “kontuen gaitasun faltagatik Udalerriaren benetako beharrak jasotzeko”. Gogoratu behar da alderdi honek 2,54 milioi euroko balioa zuten proposamenak helarazi zizkiola alkateari. Diru hori krisiaren aurkako laguntzetarako bideratzeko proposamena egin zuen EAJ-PNVk. Gainera, 579.000 euro erreserbatzeko ere egin zuen proposamena, “udalerriko proiektu estrategikoetan inbertitzeko”.

Adierazi dutenez, “Galdakaok gehiago behar du, Galdakaok gehiago merezi du, Galdakaok gehiago eman dezake eta EAJ-PNVk lanean jarraituko du Galdakaok merezi duena jaso dezan”. EAJ-PNVk aurkeztu zituen proposamenen artean, gobernu-taldeak batzuk onartu ditu, adibidez, komertziorako dinamizazio jarduerak (45.000 euro) edo Aperribaiko parke bioosasuntsua (42.000 euro). Baina ez dute nahikotzat jotzen, eta lanean jarraituko dute beren proposamenak aurrerago kontuan hartu ahal izateko. Gainera, proiektu estrategikoak egitearen garrantzia azpimarratu dute.

“Orain, inoiz baino gehiago, herritarrak, merkataritza eta ostalaritza ahalegin berezia eskatzen ari zaizkigu”, eta gogorarazi dute Udalak 28 milioi euroko soberakina duela inbertsio horiek egin ahal izateko. Hauen artean, enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako laguntza-lerro bat, 1,6 milioi eurokoa, eta 500.000 euroko beste bat, enplegu-planetarako.