Basauriko Udalak eskola-materiala erosteko laguntzak emango ditu. Herriko familientzako laguntza ekonomiko lerro bat abiarazi du, 30 euroko bonu baten bitartez. Guztira, herriko 3.302 ikasle izan ahalko dira kanpainaren onuradunak. Udalak 100.000 euro inbertituko ditu ekimen horretan. Webgune "oso erabilerraz bat abiarazi da, nahi duten dendek kanpainarekin bat egiteko eta familiek bonuak eskatu eta deskargatzeko", azaldu dute udal gobernutik.

Horrela, Eskola Bonua trukatu ahalko da programarekin bat egiten duten udalerriko dendetan. "Dendek uztailaren 29tik (asteazkena) abuztuaren 17ra bitartean egin ahalko dute bat Bonu Eskolarekin. Familiek, berriz, irailaren 7tik aurrera lortu ahalko dituzte bonuak". Osasun-krisiak, udalerriko familia eta dendetan izandako eraginak arintzeko abian jarri da ekimen hau. "Kanpaina horren bidez, familiei lagunduko diegu ikasgeletara itzultzeak eragindako gastuei aurre egiten; eta, aldi berean, herriko dendetan kontsumitzea sustatuko dugu. Laguntza ekonomikoa emango dugu, sektorearentzat bereziki larria den une honetan", azaldu du Idoia Ortego Basauriko Udaleko Hezkuntzako zinegotziak.

Udalak prestatutako webgunea (bonoeskola.basauri.eus) izango da akimenean parte hartzeko modua, nahi duten dendek kanpainarekin bat egiteko eta familiek bonuak eskatu eta deskargatzeko. Establezimenduek honako baldintza hauek bete beharko dituzte kanpainan parte hartzeko: "Basaurin egotea, 10 langile baino gutxiago edukitzea eta kanpainako materiala saltzea". Dirulaguntzak, arropa (eskolako uniformeak eta mantak barne), oinetakoak eta edozein motatako kirol eta eskolarako materiala erosteko emango dira.

Laguntzen onuradunak 2005eko urtarrilaren 1a eta 2014ko abenduaren 31 bitartean jaiotakoak (alegia, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak) izango dira, 2020ko ekainaren 30ean Basaurin erroldatuta badaude. "Berdin dio beren eskola beste udalerri batean badago. Udalak ofizioz egiaztatuko du onuradunak udalerrian erroldatuta daudela". Guztira, 2005eko urtarrilaren 1a eta 2014ko abenduaren 31 artean jaiotako 3.302 ikaslek betetzen dituzte baldintzak. Bonuak ikasleko 30 euroko zenbatekoa izango duenez, Basauriko Udalak 100.000 euroko partida ekonomikoa aurreikusi du laguntza-programa horretarako.