Hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte

260 boluntariok osatzen dute Galdakaoko elkar zaintzarako sarea

27.03.2020 | 11:54
Galdakako sare solidarioa oso arrakastatsua izaten ari da.

GALDAKAO. Galdakaoko Udalak garai honetan gehien behar dutenen herritarrak laguntzeko kanpainak arrakasta handia izan du. Orain arte, 260 boluntario baino gehiagok parte artzen ari dira ekimen solidario horretan, era guztietako zerbitzuak eskainiz.

Hainbat zerbitzu ematen ari dira boluntarioki herritar horiek, udalarekin eta GBGE Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearekin koordinatuta:

  • Etxetik atera ezin dutenentzako zerbitzua: Batez ere pertsona nagusiei edo mugikortasun zein osasun arazoengatik etxetik atera ezin dutenei begirako zerbitzua da; alarma egoera honetan etxetik atera ezin dutenei begirakoa. Oinarrizko erosketak egin, eta etxera eramaten dizkiete horiei boluntarioek: janaria, garbitasunerako produktuak edo botikak. Zaborra ere ateratzen diete etxetik irten ezin dutenei, edota txakurrak pasiatzera eraman. Orain arte 50 bat dei eskaera jaso ditu eskaintzak, eta beste horrenbeste zerbitzu eman dira.
  • Bakarrik bizi diren adineko pertsonei telefono bidezko laguntza: 65 urtetik gora dituzten eta bakarrik bizi diren galdakoztarrei telefonoz deituko diete boluntarioek. 12 pertsona ari dira deiak egiten, ondo dauden eta beharren bat duten galdetzeko. Aste honetan jarri da martxan zerbitzua.
  • Osasun materialaren bilketa: Herriko haurreskola eta eskolek udalaren esku utzi dituzte, dagoeneko, erabilgarri izan daitezkeen osasun edo babes materialak. Orain, Galdakaoko industria eta komertzio eremuetan galdetzen ari da baduten halako materialik eta koronabirusetik babesteko emateko prest dauden. Boluntarioek batuko dituzte emandako material horiek, behar bezala bideratzeko.
  • Osasun langileentzat babeserako materiala egiteko sarea, langileek azaldutako beharrak oinarri hartuta. Egunotan ari da martxan jarri eta koordinatzen.
  • Desinfekziorako brigada. Suhiltzaile eta udaltzain galdakoztarrak hainbat gune estrategiko desinfektatzeko lanean ari dira. Boluntarioak ere lan horretan laguntzeko aukera aztertzen ari da.

Sare horretan parte hartu nahi dutenek edota eskaintzen ari diren zerbitzuak behar dituztenek, horretarako beren beregi prestatu diren bideetatik egin ahalko dituzte eskaerak:

  • Telefonoa: 688 71 93 04
  • Emaila: zaindugaldakao@galdakao.net