BASAURI. Basauriko Udal Hiri Behatokiak iazko abenduko 11tik 17ra bitartean 400 herritarren artean udal zerbitzuei buruz egin zuen inkestaren emaitzak argitaratu ditu Basauriko Udalak. Orokorrean, 7 inguruko balorazioak jaso dituzte, batez ere garbiketa zerbitzuari, jaiei, kulturari edota kirolari erlazionatutakoak.

Bestalde, Basaurik bizitzeko toki gisa eragindako asebetetzea 8koaren ingurukoa da (7.84), eta basauriarren % 80,8k uste du herriak «hobera» egin duela azken urteotan. Inkestan aztertutako ekipamenduek oso balorazio positiboak jaso dituzte. Hona hemen: Kultur Basauri (7.88), Udal Euskaltegia (7.55), Basauri Kirolak (7.49), Udal Musika Eskola (7.16) eta Adinekoen Egoitza (6.99). Basauriko garraio publikoaren kalitateak ere nota altua jaso du: 8.43.

Era berean, udal zerbitzuek puntu asko lortzen jarraitzen dute. Jaiekin lotutako zerbitzuak dira hoberen baloratutakoak (7.87), eta hauexek datoz atzetik: kale-garbiketa (7.67), kirolari lotutako zerbitzuak (7.66), kulturaren alorrekoak (7.58), zabor-bilketa eta birziklatzea (7.55) eta haurrentzako hiri-udalekuak (7.50). 7koa gainditzen dute, era berean, Gizarte Zerbitzuek (7.24) eta euskara-politikek (7.04). Nota baxuena, berriz, kalean aparkatzeko erraztasunari eman diote (3.28).

Basauriko Udalaren ekintza hauexek baloratu dituzte gehien inkesta egin duten herritarrek: pasealekuak eta berdeguneak (% 12,3), igogailuak (% 7,5), hobekuntza orokorrak (% 7,3), kaleak konpontzea (% 5,8) eta haur-parkeak (% 5,5). Arazoen artean, aparkatzeko toki faltak jarraitzen du larriena izaten gehienentzat (% 27,7), eta, horren atzetik, ehuneko ia hiru aldiz txikiagoarekin, langabezia-tasak (% 10,8). «Herritarrek estimatu egiten dituzte herri berdeagoa, ibilerrazagoa eta irisgarriagoa izateko egiten ari garen inbertsio eta hobekuntzen emaitzak, non auzo berritu eta modernizatuak eta aisiarako gune eta parke gehiago dauden», nabarmendu du Asier Iragorri Basauriko alkateak —Behatokiaren emaitzak aurkeztu ditu gaur, Berta Montes Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Parte-hartzeko zinegotziarekin—.

Esandakoez gain, herritarrek 10etik 7.62 puntu eman dizkiote udaletxeko beheko solairuan eta San Migelen dauden Herritarren Arretarako Zerbitzu bulegoetan jasotako arretari. Eta ia oso ongikoa (10etik 6.78) jaso dute telefono bidezko arretak eta abisu, kexa eta iradokizunen udal zerbitzuaren funtzionamenduak.

Asier Iragorrik nabarmendu egin du Basauriko Udalaren kudeaketa gardenak jasotako balorazio altua (6.85), eta eskerrak eman dizkie herritarrei, jarritako notagatik. «Ahalegin oso handia egiten ari gara Udala gero eta gardenagoa izan dadin eta herritarrek jakin dezaten nora doazen gu guztionak diren baliabideak eta sosak; emandako notak erakusten digu bide onetik goazela. Besteak beste, 2014an Gardentasun Ataria abiarazi genuen, non kargu publikoen soldatak, udal kontratuak, sinatutako hitzarmenak edo Basauriko Udalak banatutako dirulaguntzak agertzen baitira», azaldu du alkateak. Iragorrik gogorarazi du Udalaren ahalegin horrek Gobernantzaren alorreko Europako Bikaintasun Zigilua (ELoGE) jaso duela —Europako Kontseiluak ematen du, gobernantza onearen bere 12 printzipioetan oinarrituta eta, besteak beste, honako hauen arabera: gardentasuna; parte-hartzea; jokamolde etikoa; efikazia eta eraginkortasuna; finantza-kudeaketa osasuntsua; berrikuntza; berdintasuna; giza eskubideak, eta dibertsitatea—.

«Gure asmoa da gobernu onaren ezaugarrietan sakontzen jarraitzea: basauriarrek kudeatzaile efiziente, eraginkor eta garden gisa ikus gaitzatela, erabakiak hartzerakoan kontsulta egin, eta beren iritzia aintzat hartzen duena. Xede espezifiko horrekin, Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Parte-hartze Atala sortu dugu», gaineratu du Asier Iragorrik.

Udalaren irudia ere oso ongikotik hurbil dago (6.86), eta bertako kudeatzaileen hautematea ere bai (6.85). EAJ-PNV da alderdirik baloratuena (7.02), eta atzetik ditu PSE (5.65), EH BILDU (5.46), ELKARREKIN BASAURI-PODEMOS (5.35) eta PP (3.35). Basauriko alkateari, berriz, 10etik 7.42 puntu eman dizkiote herritarrek.