Igande honetan, ekainaren 14an, Galdakaok 2026ko Bizkaiko Trontza Misto txapelketa eta emakumezkoen Bizkaia Openeko ingude altxatze saioa eta harrijasotze erakustaldia jasoko ditu. Hala, herri kirolak izango dira protagonista nagusiak Iturrondo plazan, 13:00etatik aurrera.

Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak antolatutako ekitaldia da, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, herri kirolak herritar guztiengana hurbiltzeko eta euskal kulturaren eta tradizioaren parte diren kirol modalitateak ezagutarazteko. Horrez gain, belaunaldi berrien artean ondare hori transmititzen eta sustatzen laguntzea ere badu helburu.

Bizkaiko Trontza Misto Txapelketan, bikote bakoitzak 45 ontzako enbor bati 15 ebaki egin beharko dizkio, eta denborarik onena lortzeko arituko dira lehian. Honako hauek izango dira parte hartzaileak: Ainize Perez eta Julen Iturraspe (Urtza Herri Kirol Kluba); Oiane Gonzalez eta Bingen Erleaga (Piratak Herri Kirol Kluba); Olga Artiñano eta Txutxi Larrazabal (Urtza Herri Kirol Kluba); Leire Olea eta Aitzol Atutxa (Arkupe Sustabiz Kirol Elkartea); eta Eztizen Duque eta Ibai Criado (Gorostiza Herri Kirol Kluba).

Jardunaldia

Jardunaldian, gainera, emakumezkoen Bizkaia Openeko ingude altxatze saioa izango da. Bertan parte hartuko dute Getxo Herri Kirol Taldeko ordezkari Nerea Sanz eta Lucia Orbek, eta Zihara Zabala eta Leire Astoreka, Arkupe Sustabiz Kirol Elkartekoak.

Egitaraua osatzeko, harrijasotze erakustaldia egingo dute Unai Osak eta Aritz Abendibarrek, Mallabiako Txondor Herri Kirol Taldeko kideek.

Ekimen honen bidez, Galdakao herri kirolen topagune bihurtuko da berriz ere, euskal ondare kultural eta kirol diziplina ezberdinak sustatuz eta horiek herritarren artean ezagutaraziz. Udalak herritar guztiak animatzen ditu Iturrondo plazara hurbildu eta kirola, tradizioa eta euskal kultura uztartuko dituen jardunaldi berezi honetaz gozatzera.