Aurrera doa Durangoko Udala Merkatu Plaza sendotzeko eta merkataritza-eskaintza dibertsifikatzeko erronkarekin. Erosketa-gunea baino gehiago izatea nahi du Udalak, bizikidetzarako eta topaketarako leku bihurtuz. Horregatik, azken lizitazio prozesuaren ondorioz, okindegi berria izango duela eman du ezagutzera.

Aldi berean, lizitazio prozesuak martxan jarraitzen du, gainerako 4 postuak esleitzeko deialdia berriro ireki baita, elikagaien salmenta-jardueretarako. Edozein elikagai-jarduera egin ahal izango da, jarduera zehatz horretarako egun postu espezifiko bat dutenak izan ezik (hau da, ozpinetakoak, harategia, urdaitegia, 0 Km, taberna eta okindegi/gozotegia izan ezik). Hala ere, honako jarduera hauek lehenetsiko dira: frutategia, arrandegia, gazta eta esnekiak, ardotegia eta produktu enologikoak, gourmet eta delicatesen produktuak, solteko elikagaiak (granel), janari prestatua (sukaldaritza hotza, plater prestatuak eta take away espezializatu motako eskaintza barne), izozkiak, eta aurreko kategorietan sartu gabeko elikadura espezializatua, betiere eskaintza desberdina bada. Lizitazio honek merkataritza-eskaintza dibertsifikatzeko eta Merkatu Plaza sendotzeko helburua dute, erosketa-gune izateaz harago, bizikidetzarako eta topaketarako leku gisa, bai durangarrentzat, bai bisitarientzat.

Kontratuaren iraupena hasieran urtebetekoa izango da, eta hamar urtera arte luzatzea posible izango da. Adjudikatzaileek, gainera, astelehenetik larunbatera egunean gutxienez bost orduko irekiera bermatu beharko dute, 8:30etik 21:00etara, eta Udalak antolatutako ekitaldietan parte hartu beharko dute, baita hileko bi arratsaldeetan, preferenteki ostegunetan.

Inskripzioak

Interesdunek beren eskaintzak elektronikoki aurkezteko aukera izango dute webgunean, ekainaren 19a bitarte, non dokumentazio guztia eta baldintza zehatzak kontsulta daitezkeen.

Azken lizitazioetan, interesdunek faltan bota dute merkatuko lokalak gehiago ezagutzea. Lizitazio aldian, posible izango da postuak bisitatzea, eta, horretarako, interesdunek kontratazio@durango.eus helbide elektronikora bidali beharko dute eskaera. Bisitaren data eta ordua jasotako eskaeren arabera ezarriko dira.