Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udalak Txurdinagako Ornilla Doktorea kalea berrurbanizatzeko lanak amaitu ditu, ia 1,5 milioi euro inbertituta

Jarduketa parkearen kontrako aldeko espaloian egin da, hala jasota baitzegoen 3. barrutiko bizilagunek lehenetsitako proiektuan

Bilboko Udalak Txurdinagako Ornilla Doktorea kalea berrurbanizatzeko lanak amaitu ditu, ia 1,5 milioi euro inbertitutaB. U.

Bilboko Udalak amaitu ditu Txurdinaga auzoko Ornilla Doktorea kalea hobetzeko eta berrurbanizatzeko lanak. Obrak azken zortzi hilabeteetan egin dira, eta 1.497.680,07 euroko aurrekontua izan dute, BEZa barne. Proiektua Auzokide Planaren barruan garatu da, eta 3. barrutiko auzotarrek lehenetsitakoa izan da.

Udalak azaldu duenez, esku hartzea 350 metroko tartean egin da: Txomin Garat eta Artalandio arteko biribilgunetik hasi, eta Gabriel Aresti etorbiderantz doan jaitsieran, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren ondoko semaforodun oinezkoen pasabideraino.

Ornilla Doktorea kalea ibilgailu eta oinezko askok erabiltzen dute, Txurdinaga eta Santutxu lotzen baititu. Gainera, Bilboko Europa parkerako sarbideetako bat ere bada, hiriko berdegune handienetako baterako, hain zuzen.

Jarduketa parkearen kontrako aldeko espaloian egin da, hala jasota baitzegoen 3. barrutiko bizilagunek lehenetsitako proiektuan. Helburu nagusia oinezkoentzat espazio irisgarriagoa, erosoagoa eta atseginagoa sortzea izan da.

Horretarako, espaloia zabaldu egin da eta eragindako udal zerbitzuak berritu dira. Era berean, erdibitzailea kendu da kalearen sekzioa hobeto aprobetxatzeko eta oinezkoentzako espazioa handitzeko, ibilgailuen zirkulaziorako azpiegitura murriztu gabe. Galtzada ere zatitu da, etorkizunean bidegorriaren tarte berri bat egin behar bada, esku hartzea ahalik eta txikiena izan dadin. Horrez gain, Ornilla Doktorea-Artalandio biribilgunea berrasfaltatu da, aparkaleku eremua berrantolatu da eta espaloiaren zoladura berritu da.

Bestalde, hiri altzari berriak eta landare gehiago jarri dira zabaldutako espaloi berrian. Helburua auzoari paseatzeko, itzalean egoteko eta atseden hartzeko espazio atseginago bat eskaintzea izan da.