Datorren larunbatean, maiatzaren 30ean, Durangoko Ezkurdi plaza, Benita Urabarrena parkea eta Ibaizabal pareka musika-agertoki bihurtuko dira. Guztira, 14 artista eta talde bilduko dira Bilbao BBK Live jaialdiaren 20. urteurrenaren Herrian izeneko atarikoan. Musika 13:00etan hasi eta 23:00ak arte luzatuko da.
Mississippi Queen & The Wet Dogs taldearen soul atenporalarekin hasiko da eguna, Eider abeslariarekin jarraitu, eta euskal musikako sentsazio berri batekin bukatu: GAR. Arratsalde erdian, Estatuko rock erreferente diren Mujeres taldekoak arituko dira Ezkurdi plazan, Oslo Ovnies dibertigarriekin eta Olatz Salvadorren gordintasunarekin batera. Egunaren azken txanpan, Mala Gestión valentziar ñunk taldea eta Kilikiren aldakortasuna, Pi L.T. taldearen metal alternatibo ikonikoa, Amaiurtxu errebelazioa, eta Santa Salut eta Wau y los Arrrghs!!! taldeen deskargak iritsiko dira. Eta bukatzeko, Heitxiren elektro-triki-popa eta Los Fresones Rebeldes indie klasikoak arituko dira agertoki gainean.
Kultura inpaktu-eragiletzat hartzen duen ikuspegiarekin koherente izanik, Herrian ekimenak lurraldeko eragileekiko elkarlana bultzatzen du, gizarte-sarea indartzen du eta kultura-aniztasunari balioa ematen dio. Ekitaldiaz beraz haratago, sorkuntza artistikoa eta tokiko garapena uztartzen dituzten dinamikak aktibatzen dira proiektuarekin, musika askotariko publiko eta testuingurutara hurbilduta. Proposamen ireki eta jasangarri honek belaunaldien arteko bizikidetza sustatzen du, artista ezagunak zein hasten ari direnak ezagutarazten ditu, eta honako ideia hau indartzen du: kulturak zentzua hartzen du komunitatea sortzen duen lekuetan.
Sarrerak
Gainera, ekitaldira hurbiltzen direnek Bilbao BBK Live jaialdirako sarrerak prezio berezi esklusiboan erosteko aukera izango dute Durangoko Herrian ekimenean, zehazki Bar Zeron, Andra Mari kalea 6an.
Bilbao BBK Live jaialdiaren 20. urteurrenak datorren astean jarraituko du, Hirian ekimena ekainaren 6an izango baita Zorrotzan, eta Mendian, berriz, ekainaren 7an, Kobetamendin, biak ala biak doakoak izanik.
Bilbao BBK Live jaialdiaren antolatzaileek esker ona adierazi nahi diete, bereziki, Durangoko Udalari eta BBK Banku Fundazioari, baita ekitaldi hau antolatzeko ezinbestekoak diren gainerako babesle eta laguntzaileei ere.