Alkartasuna Dantza Taldea: 50 urte Bermeoren nortasuna dantzaren bidez zabaltzen
Bizkaiko Dantzari Eguna hartuko du aurten Bermeok, Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrenarekin bat eginez. Euskal folklorea ikertu eta transmititzeko mende erdiko lanak herriko kultur erreferente nagusi bihurtu du taldea
Bihar egun berezia izango da Bermeotarrentzat. Milaka dantzari batuko dira Bermeoko plaza eta kaleetan Bizkaiko Dantzari Eguna ospatzeko, herria Kaixarranka, Dantzari-dantza edota Lanestosako arku-dantza bezalako dantzen erakusleiho bilakatuz. Biharkoak, gainera, esanahi are bereziagoa izango du, hitzorduko anfitrioia den Alkartasuna Dantza Taldeak 50. urte beteko baititu.
Mende erdiko ibilbide hori, ordea, 1976an hasi zen, Bermeoko institutuko lagun talde bati ikasketa-bidaia finantzatzeko ekitaldi bat antolatzea bururatu zitzaionean, euskal folklorea zabaltzeko gogoak bultzatuta. Proiektua bideratzeko, Eibarko Klub Deportiboan dantza-irakasle zen Patxi Beitiarengana jo zuten, eta hark jarritako baldintza bakarra bete ondoren, hots, ordura arte mutilez bakarrik osatutako talderako neskak batzea, sortu zen Alkartasuna Dantza Taldea; hain zuzen, egun Bermeoko kultur erreferente nagusietako bat dena.
Gaizka San Pedro Altonagak, Alkartasuneko presidenteak, lehen entsegutik bizi izan du bilakaera hori guztia: “Niretzat taldea dena da; bizitza osoa daramat Alkartasunari lotuta, emaztearekin eta anai txikiarekin batera”. Bost hamarkada hauetan Alkartasunak Bermeori egindako ekarpenari dagokionez, presidenteak argi du alderdi teknikotik harago doala; izan ere, emanaldi esanguratsuez gain, taldeak urteetan erakutsitako seriotasuna eta formaltasuna nabarmentzen ditu. “Gauzak hobeto ala okerrago egin ahal izan ditugu, baina beti-beti ilusio handiz eta fundamentuz”, azaldu du dantzariak. Hain zuzen ere, oinarri sendo horri esker, euskal dantzak ikertu, zaindu eta transmititzeko urte luzez egindako lanak aitortza eman dio taldeari herriko kultur eragileen artean.
50. urteurrenaren ospakizunen artean, Bizkaiko Dantzari Eguna Bermeon hartzea izan zen taldeak duela bost urte finkatutako helburua, pandemiaren ondorioz 45. urteurrena ospatu ezinik geratu ostean. Tamaina horretako hitzordu bat antolatzeak urtebete baino gehiagoko antolakuntza eta koordinazio lana behar izan du, Bermeoko Udalarekin eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarekin elkarlanean. Guztira, 72 talde eta 95 autobus ingururen etorrera kudeatu behar izan dituzte. “Gure kalkuluen arabera, 3.000 eta 3.300 dantzari artean batuko gara; horri, bertaratuko diren milaka lagun eta ikusleak gehitu behar zaizkio”, zehaztu du fundatzaileak, orain arte aurre egin behar izan dioten egitasmorik zailena dela azpimarratuz.
Taldearen oroimena
Dena dela, taldekideentzat momenturik bereziena datorren uztailaren 11n iritsiko da. Egun horretan, emanaldi berezia onduko du Alkartasunak dantzari eta musikari ohiekin. “Guri eskainitako eguna izango da, eta argazki zein bideoen bidez gure historia errepasatuko dugu”, azaldu du Gaizkak. Hastapenetako gabeziez gogoratzeko unea ere izango da: lokal faltagatik gozoki-denda baten barruan edo herriko eskoletan entseatu behar izaten zuten garaiak, edota aurrekontu txikien ondorioz bakoitzak bere jantziak ordaindu behar izaten zituen sasoiak gogora ekarriko dituzte.
Urteekin talde gisa lortutako heldutasunak Euskal Herritik harago begiratzeko aukera eman dio Alkartasunari. Izan ere, 1986az geroztik, taldeak Nazioarteko Folklore Jaialdia antolatzen du, Lamera parkea Mexiko, Argentina, Serbia edo Italiako folkloreen topagune bihurtuz. Gaizkaren arabera, publikoaren erantzuna “oso ona” izaten da beti, jaialdiaren izaera herrikoiari esker. “Kalean egiteak, Lameran bertan, jende asko erakartzen du”, onartu du. Aurtengo abuztuko ediziorako Kolonbiako eta Kanarietako taldeak dituzte konfirmatuta, kultur truke hori bizirik mantenduz.
Baina Alkartasuna Dantza Taldea ez da anfitrioi hutsa soilik. Izan ere, Bermeoko enbaxadore lanetan jardun dute Europa osoan zehar, Alemania, Polonia, Txekia, Hungaria edota Portugal bezalako herrialdetan dantza eginez. Bermeotarrak bereziki nabarmentzen du 2011n Mexikora egindako bidaia, itsasoz bestaldera lehen aldiz joan eta bi jaialditan parte hartu izanagatik.
Erronkak
Jarduera handia izan arren, San Pedrok ez ditu etorkizuneko erronkak ezkutatzen. Gaur egun, taldeak oinarri sendoa du, 50 heldu eta 80 ume ingururekin, baina erreleboa aurkitzea gero eta konplexuagoa da; izan ere, gaur egungo “eskaintza itzela” dela eta, umeek musika eta dantza modernoagoetara jotzen dutela uste du dantzariak. Horrekin batera, mutilen falta gero eta nabarmenagoa dela azaldu du, Bizkaiko beste talde askoren joera bera jarraituz. “Mutilak desagertzen ari dira eta, maiz, neskek euren artean dantzatu behar izaten dute”, deitoratu du, beste taldeekin elkartzen direnean behin eta berriz aipatzen duten arazoa dela azpimarratuz.
Zailtasunak zailtasun, dantzarekiko pasioak eta lagunarteko giroak eusten diote taldeari. Izan ere, kultur etxean astero egiten dituzten entseguak elkarbizitza zabalago baten zati bat baino ez dira: “Giroa oso ona da; entsegu ostean ia beti joaten gara zerbait hartzera, eta noizean behin bazkari zein afariak ere antolatzen ditugu txokoan. Horrek laguntzen du hain talde handian sor daitezkeen tirabirak leuntzen”, azaldu du San Pedrok.
Datozen urteetarako helburua “ilusiorik ez galtzea, ikasten jarraitzea eta, batez ere, taldearen batasunari eustea” dela adierazi du San Pedrok. Azken finean, hori izan da Alkartasun Dantza Taldearen indargune nagusia bost hamarkada hauetan guztietan: elkarrekin egotea, dantzatzea eta, batez ere, herriko kultura bizirik mantentzea.