Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemeinen aurkeztu ondoren Helmugak Bizipoza Jaia aurkeztu da Berriatuan. Aurkezpen ekitaldietan, Helmugak Elkartea eta Bizipoza Kultur Elkartearen jarduerak azaltzen ari dira eta bien artean prestatu duten jaia aurkezten. Ekimena maiatzaren 22tik 24ra izango da, bertan Lea-Artibai osoa zeharkatuko dute sei bider, bizikleta gainean.

Berriatuan izandako aurkezpenean erronkari buruz hitz egin zuen Ander Txakartegik. Gogorarazi zuenez, elkartea 2015etik dago martxan, eta erronken bidez ekarpen solidarioak egitea du helburu, lau baloreren inguruan: euskara, kirola, natura eta pertsona. Oraingo honetan, erronka hori Helmugak Bizipoza Jaiaren baitan izango da: maiatzaren 22an, 22.00etan hasita, Lea-Artibai eskualdeari sei buelta emango dizkiote bizikleta gainean jarrita.

Bizipoza Elkartea zer den eta jaia zergatik antolatzen den azaltzeko Garazi Oregik gogorarazi zuenez, izaera bereziko gaiak lantzen dituzten elkarteen elkartea da. Gaur egun, 39 elkarte barnebiltzen ditu, eta bost taldetan banatzen dira izaera bereziko gaiak: gaixotasunak, heriotzaren pedagogia, aniztasun funtzionala, kultur artekotasuna, genero sexu aniztasuna eta familiartekotasuna. Helburu nagusia gai horiek gizarteratu, sentsibilizatu eta eragitea dela esan zuen, eta horren baitan dagoela jaia.

Ekimenean parte hartu zuten Aspanovas eta Aspanogiko kideek ere. Haiek nabarmendu zuten elkarteen baitan hainbat arlotan jasotzen duten laguntza, eta bide batez jairako gonbidapena egin zuten.