Síguenos en redes sociales:

Udan Tabira igerilekuko taberna-kafetegia kudeatzeko lizitazioa, zabalik

Prozesuak Tabirako taberna-kafetegiaren ustiapena aurreikusten du, jendearentzako arreta, mantentze-lanak eta garbiketa barne, udako igerilekuen denboraldian

Udan Tabira igerilekuko taberna-kafetegia kudeatzeko lizitazioa, zabalikD. U.

Uda honetanTabirako kanpoko igerilekuetako taberna-kafetegia ustiatzeko lizitazio prozesua ireki du aste honetan Durangoko Udalak, Durango Kirolak Erakunde Autonomoaren bidez.

Kontratuaren helburua da udal taberna-kafetegia kudeatzea eta ustiatzea, jendearentzako arreta barne, baita espazioa garbitzeko, mantentzeko eta behar bezala funtzionatzeko lanak egitea ere. Zerbitzua igerilekuak irekita dauden bitartean emango da, 2026ko ekainaren 11tik irailaren 13ra bitartean, biak barne, eta instalazio horien ordutegi berean, onartutako egutegi ofizialaren arabera.

Kanona

Arlo ekonomikoari dagokionez, hilean 250 euroko gutxieneko lizitazio-kanona ezartzen da (gehi BEZa). Zenbateko hori aurkeztutako eskaintzetan hobetu ahal izango da, eta horren arabera zehaztuko da emakida-kanona, hau da, enpresa esleipendunak eskaintzen duena. Kanon hori hilero eta aldez aurretik ordaindu beharko da.

Kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, eta 2027ko eta 2028ko udako denboraldietarako luzatzeko aukera egongo da, betiere ezarritako baldintzak mantentzen badira. Halaber, esleipendunak 1.500 euroko bermea eratu beharko du.

Lizitazioan parte hartzeko, kaudimen ekonomikoa egiaztatu beharko da, gutxienez 75.000 euroko ustiapeneko erantzukizun zibileko aseguru baten bidez, baita kaudimen teknikoa ere; horretarako, higieneari eta elikagaien manipulazioari buruzko prestakuntza duten langileak izan beharko dira, edo, bestela, prestakuntza hori langileei emateko edo errazteko konpromisoa hartu beharko da zerbitzua hasi aurretik. 

Esleipena

Esleipena kalitate-prezio erlazio onena bermatzeko hainbat irizpideren arabera egingo da. Zehazki, eskainitako kanonaren hobekuntza, antzeko zerbitzuetako esperientzia, ostalaritzaren arloko prestakuntza, euskararen ezagutza eta emakumeen enpleguaren sustapena baloratuko dira.

Zerbitzuaren baldintzei dagokienez, taberna-kafetegiak egunero irekita egon beharko du udako denboraldian, etengabeko arreta eskainiz eta indarrean dagoen araudia betez.

Interesa duten pertsona edo enpresek maiatzaren 5eko 15:00ak bitarte dute eskaera aurkezteko epea. Eskaera hori Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez egin beharko da, eta bertan lizitazioari buruzko informazio eta xehetasun guztiak eskuragarri daude.