Síguenos en redes sociales:

Herrian ekitaldiak Bilbao BBK Live jaialdia Durangora hurbilduko du

10 talde baino gehiagok hartuko dute parte sarrera libreko jardunaldi batean

Herrian ekitaldiak Bilbao BBK Live jaialdia Durangora hurbilduko duD. U.

Bilbao BBK Liveko aperitiborik ospetsuenetako bat Bizkaian barrena ibiliko da berriz ere, jaialdiaren atariko moduan. Herrian ekimena BBK Banku Fundazioak eta Bilbao BBK Live jaialdiak bat egitearen emaitza da, musika eta kultura izanik gizartea eta lurraldea eraldatzeko tresnak. 2023. urteaz geroztik, doako proposamen ireki eta jasangarriak eginez, Herrian proiektuak kulturaren bitartez ondo pasatzeko eta parte hartzeko aukerak zabaltzen ditu Bizkaiko hainbat herritara; hortaz, esan dezakegu kultura aktibatzen duen ekimena dela, Bilbao BBK Live jaialdiaren programazioa deszentralizatu eta tokiko komunitateentzat balioa sortzen duen aldetik. 

Maiatzaren 30ean Durangon egingo den Herrian ekitaldiak publiko guztiarentzat pentsatutako eguneko programazioa eskainiko du. Bertan bilduko dira, besteak beste, Estatuko rock musikaren erreferente den Mujeres taldea; rap estiloko ahots sendoenetako bat, Santa Salut; Los Fresones Rebeldes indie klasikoak; Pi L.T. metal alternatiboaren talde ikonikoa; GAR euskal musikako aurkikuntza berria; Wau y los Arrrghs!!! taldearen deskarga garajeroa; Mala Gestión valentziar ñunk taldea; euskal popestiloan etorkizun handiko proiektu bat, Eider; Kilikiren moldakortasuna; Heitxi taldearen elektro-triki-popa; Mississippi Queen & The Wet Dogs taldearen soul atenporala; Olatz Salvadorren gordintasun konfesionala; Oslo Ovnies dibertigarriak; eta Amaiurtxu errebelatzailea.

Agertokiak

Programazioa hiru agertokitan banatuko da: Ezkurdi plazan, Benita Uribarrena parkean eta Ibaizabal parkean. Eguraldi txarra izanez gero, beste gune batzuetara eramango dira kontzertuak.

Kultura inpaktu-eragiletzat hartzen duen ikuspegiarekin koherente izanik, Herrian ekimenak lurraldeko eragileekiko elkarlana bultzatzen du, gizarte-sarea indartuz eta kultura-aniztasunari balioa emanez. Ekitaldiaz beraz haratago, sorkuntza artistikoa eta tokiko garapena uztartzen dituzten dinamikak aktibatzen dira proiektuarekin, musika askotariko publiko eta testuingurutara hurbilduta. Proposamen ireki eta jasangarri honek belaunaldien arteko bizikidetza sustatzen du, artista ezagunak zein hasten ari direnak ezagutarazten ditu, eta honako ideia hau indartzen du: kulturak zentzua hartzen du komunitatea sortzen duen lekuetan.

"Bilbao BBK Live jaialdiaren antolatzaileok gure esker ona adierazi nahi diegu, bereziki, Durangoko Udalari eta BBK Banku Fundazioari, baita ekitaldi hau antolatzeko ezinbestekoak diren gainerako babesle eta laguntzaileei ere", azaldu dute.

Maiatzean eta ekainean, Bizkaiko kaleak musikaz blai egongo dira, uztailaren 9an, 10ean eta 11n Kobetamendin izango den Bilbao BBK Live jaialdiaren 20. urteurrenaren atariko. Gainera, Herrian Durango ekitaldian jaialdiko sarrerak salgai egongo dira, prezio berezian.