Trantsizio digitala sustatzeko programa abiarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak
Programa horren bidez, iaz, 236 proiektu diruz lagundu ziren
Aurreko edizioak izandako arrakasta kontuan izanda, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du berriro lurraldeko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna indartzeko Trantsizio Digitala 2026 dirulaguntza-programa.
Ekitaldi honetako berrikuntza nagusietako bat da diruz lagun daitezkeen proiektuen gehieneko zuzkidura 120.000 euroraino handitu dela. Aurrerapen horri esker, irismen eta eragin handiagoko ekimenei heldu ahal izango zaie.
Deialdiak 4,27 milioi euroko aurrekontua du, eta bi laguntza-ildoren bidez egituratzen da: bata oinarrizko digitalizazio-proiektuetarako eta bestea digitalizazio aurreratuko proiektuetarako. Horrela, Bizkaiko enpresen errealitateei eta heldutasun teknologikoko mailei erantzuten zaie, eta haien eraldaketa digitalean progresiboki eta eraginkortasunez aurrera egiteko bidea errazten da.
Bizkaiko enpresen heldutasun digitalaren maila handitu da
Programa horren 6 deialdi egin ondoren, Bizkaiko enpresa-sareak aurrerapen nabarmena egin du heldutasun digitalean. Barrixe – Bizkaiko Berrikuntzaren Behatokiak egindako Bizkaiko Enpresen Eraldaketa Digitala 2025ean izeneko azterlanaren arabera, lurraldeko enpresen % 92,3k teknologia digital bat edo gehiago erabiltzen dute dagoeneko, eta, lehen aldiz, enpresen pisua orekatu egin da digitalizazioaren oinarrizko mailetan eta maila aurreratuetan.
Etapa-aldaketa horrek erakusten du Bizkaiko enpresa-sareak jauzi bat sustatu behar duela konplexutasun, integrazio eta eragin handiagoko konponbideetarantz. Hori da programa honen 2026ko deialdiaren helburuetako bat: enpresei laguntzea digitalizazio sakonagoa, estrategikoagoa eta lehiakortasuna hobetzeari lotuagoa lortzen.
Bi digitalizazio-ildo: oinarrizkoa eta aurreratua
Trantsizio Digitala programaren oinarrizko digitalizazioaren ildoko laguntzen ardatz dira 5-50 langile bitarteko enpresak. Enpresen digitalizazioan jauzi bat egitea dakarten proiektuei lehentasuna emateko, dirulaguntza eskuratzeko aukera mugatu da, eta lau urtean behin soilik lortu ahal izango da, dekretuan ezarritako oinarrizko digitalizazioko teknologien zortzi kategorietako bakoitzaren barruan.
Bestalde, digitalizazio aurreratuaren ildoak 120.000 eurora igo du diruz lagundu daitezkeen proiektuen gehieneko zenbatekoa, eta estaldura horren barruan sartzen ditu kanpoko eta barneko gastuak eta proiektuari lotutako inbertsioak. Hobekuntza horren helburua da enpresek anbizio handiagoko eta eraldatzeko gaitasun handiagoko ekimenei ekiteko duten gaitasuna indartzea. 5 eta 250 langile arteko plantilla duten industria-enpresentzat eta industriari lotutako zerbitzu-enpresentzat da ildo hori.
Oinarrizko digitalizazioaren ildorako eskaerak aurkezteko epea aurtengo maiatzaren 4tik ekainaren 12ra arte egongo da irekita; digitalizazio aurreratuaren ildoko eskaeretarako epea, berriz, maiatzaren 4an irekiko da, eta maiatzaren 22an amaituko.
236 proiektu lagundu dira 2025ean
Azken edizioaren emaitzek erakutsi dute digitalizazioa bultzatzeko tresna hori baliagarria dela, Bizkaiko ETEen lehiakortasunerako funtsezkoa baita. 2025ean, oinarrizko digitalizazioaren ildoan 292 eskaera jaso ziren, eta 202 proiektu babestu ziren; digitalizazio aurreratuaren ildoan, berriz, 52 eskaera erregistratu ziren, eta 34 ekimenetarako laguntza eman zen. Guztira, 236 proiektu bultzatu ziren. Datu horiek agerian uzten dute eskatzen direla mota horretako laguntzak eta erakunde publikoek halako laguntzak indartzen jarraitu behar dutela.
2026ko deialdia bat dator ekoizpen-sarearen errealitatearekin; izan ere, oinarri teknologikoa finkatu du, eta digitalizazio intentsiboagoa, integratuagoa eta balio erantsi handiagokoa lortzera bideratzen hasi da.
Programa Enpresak Bultzatzeko 2026rako Laguntza Planaren barruan sartzen da. Plan horrek 63 milioi euroko zuzkidura dauka eta, haren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa-sareari ematen dion laguntza indartu nahi da, ekonomia, teknologia eta lehiaren arloko erronka handietan laguntzeko.