Síguenos en redes sociales:

Ondarearen Europako Jardunaldien 26. edizioa ospatuko du Bizkaiak

Bizkaiko Foru Aldundiak Jardunaldien edizio berri bat bultzatu du

Ondarearen Europako Jardunaldien 26. edizioa ospatuko du BizkaiakBFA

Gizartea kultura-ondarea ezagutu, baloratu eta babestearen garrantziaz sentsibilizatzea helburu duen Ondarearen Europako Jardunaldiak jasoko ditu berriro aurten Bizkaiak. Foru Aldundiak indarrak batuko ditu Europako Kontseiluarekin eta Europar Batasunarekin ekimen honen 26. edizioa abiarazteko.

Gure eskuetan lelopean edizio honek ondarearen balioari eta ondarearen zaintzaren erantzukizun kolektiboari buruzko begirada zabala eta partekatua proposatzen du. Ikuspegi hau diseinatzeko kontuan hartu da Europak 2026ko ediziorako finkatu duen gaia, ardatz moduan ondarea mehatxatzen duten arriskuak eta ondarea babesteko kolektiboki jarduteko premia ezarrita. Europako Kontseiluaren proposamenak azpimarratzen du premiazkoa dela mehatxuei erantzutea, ondare kulturalak etorkizuneko belaunaldientzat esanguratsua eta eskuragarria izaten jarrai dezan.

Urrian ospatuko den Ondarearen Europako Jardunaldien aurreko hilabeteetan Bizkaiko Foru Aldundiak hitzaldi-ziklo bat antolatu du, kultura-ondarea zaintzeak dakartzan erronkei, esanahiei eta erantzukizunei buruz hausnartzeko. Saioak apirila eta ekaina bitartean egingo dira Ondare Aretoko hitzaldi-aretoan eta ondarea hainbat ikuspegitatik jorratuko duten adituak batuko dira: dokumentazioa, identitatea, emakumeen memoria eta kontserbaziorako irizpide garaikideak.

Hitzaldi hauek gizarte-, teknologia- eta ingurumen-eraldaketa sakonen testuinguruan ondarearen zereginari buruzko eztabaida zabaltzeko balioko dute. Kultura-ondarea, materiala zein ez-materiala, baliabide bakarra eta berriztaezina da: ezin da ez kopiatu ez ordezkatu, eta galera bakoitzak memoria kolektiboarekiko haustura dakar.

Ildo horretatik Ondarearen Europako Jardunaldiak kultura eta historia nortasuna ikuspegi partekatu batetik babesteko beharraz hausnartzeko gune gisa aurkezten dira, betiere ondarea guztion esku dagoela ulertuta: erakundeak, profesionalak eta gizartea, oro har.

Ondarearen balioan sakontzeko hitzaldi zikloa

Apirilak 21 – Conocer, proteger, difundir: el patrimonio religioso en riesgo; (Ezagutu, babestu, zabaldu: arriskuan dagoen ondare erlijiosoa)

Zikloa Raquel Cilla Lópezen, Artearen Historian doktore eta Bilboko Eleiz Museoko zuzendariaren, hitzaldiarekin hasiko da. Bere hitzaldiak gaur egun ondare erlijiosoak dituen erronkak aztertuko ditu. Ondasun multzo hau Bizkaiko memoria historiko, artistiko eta sozialaren funtsezko zatia da, baina bereziki arriskuan dago faktore ezberdinengatik, hala nola, abandonua, erabilera galtzea, baliabide falta edo esku-hartze desegokiak.

Cillak ezagutzaren, dokumentazioaren eta plangintzaren garrantzia azpimarratuko ditu babesteko oinarri legez, eta Bilboko Elizbarrutiko Monumentu Katalogoan egiten diharduen lana aurkeztuko du, ondasunen kontserbazio-egoera ebaluatzeko eta babes-estrategiak diseinatzeko aukera ematen duen proiektua. Era berean, Eleiz Museoak ondare horren kudeaketa integralean funtsezko erakunde gisa duen zeregina aztertuko du, katalogaziotik hasi eta zaharberritze eta hedapeneraino, eta erakundeen, espezialisten eta herritarren arteko lankidetza estuaren beharra azpimarratuko du.

Maiatzak 12 – Sustraidun pertsona eta herri eredua, ondare iturri

Bigarren saioa Jon Mentxakatorre Odriozolak, Euskal Filosofia eta Filologian doktoreak, eskainiko du, euskaraz nortasunaren, balioen eta ondarearen arteko harremanari buruzko hausnarketa eginez. Joxe Migel Barandiaranen pentsamendutik abiatuta Mentxakatorrek nola ondarearen kontserbazioa ezin den ondare hori sortu zuten sustrai kulturaletatik, bizimoduetatik eta gizadi-ereduetatik bereizi aztertuko du. Ondarea arriskuan dagoela antzematen denean, arriskuan dagoena, ondasunak berak baino lehenago, zentzua eman zien giza atzealde hori da, hain zuzen ere. Horregatik hitzaldiak etnologia substratu hori ulertzeko eta jasotako ondarea zaintzeko funtsezko tresna gisa aldarrikatuko du.

Oinarri horretatik abiatuta Mentxakatorrek euskal kultura espiritual eta etikoaren ezagutzaren, bilketaren eta transmisioaren garrantzia aztertuko du, ondoren euskal nortasun tradizionalean eta azken hamarkadetan balio-sistema eraldatu duten aldaketetan sakontzeko. Saioak prozesu horiek ondarearen pertzepzioan, transmisioan eta zaintzan nola eragiten duten ulertzeko giltzarriak eskainiko ditu, eta aurreko belaunaldietatik jasotako ondarea zaintzeko beharrezkoak diren jarrerak eta ekintza-ildoak proposatuko ditu.

Ekainak 2 –Los rituales femeninos de la muerte. Un patrimonio perdido o en riesgo de desaparición (Heriotzaren erritual femeninoak. Galdutako ondarea edo desagertzeko arriskuan dagoena)

Hirugarren hitzaldia heriotzari lotutako erritual femeninoei buruzkoa izango da, euskal komunitateen bizitza erlijioso eta sozialaren parte izan zen ondare immateriala. Isabel Mellén filosofo eta historialariak Erdi Arotik XX. mendera arte emakumeak protagonista izan ziren praktika horiek tenpluen arkitekturan eta hiletei lotutako kultura materialean arrasto sakona nola utzi zuten aztertuko du.

Mellének erritual hauen parte ziren eta, elizaren debekuen ondorioz, neurri handi batean desagertu diren elementu eta praktika inmaterialak arakatuko ditu. Bere esku-hartzeak ondare hori berreskuratzearen eta aztertzearen garrantzia nabarmenduko du, historia genero-ikuspegitik ulertzeko, tradizioz kontakizun ofizialetik kanpo geratu diren ahotsak eta esperientziak integratuz.

Ekainak 23 –Intervenir el pasado para iluminar el futuro. Historia, ciencia y compromiso en la conservación y restauración del patrimonio (Iraganean esku hartzea etorkizuna argitzeko. Historia, zientzia eta ondarea kontserbatzeko eta zaharberritzeko konpromisoa)

Zikloa amaitzeko Eusebio Corcuera Alonso, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko Zaharberritze Tailerreko arduradunaren hitzaldia izango da. Bere esku-hartzeak kultura-ondarearen kontserbazioa eta zaharberritzea gaur egun zorroztasun zientifikoa, hausnarketa etikoa eta gizarte-konpromisoa eskatzen dituen erantzukizun partekatua nola diren aztertuko du. Hitzaldiak ondarearen arloko esku-hartzeak bideratzen dituzten irizpide, metodologia eta erronka garaikideetan sakonduko du, ezagutza teknikoaren eta sentsibilitate historikoaren arteko orekari balioa emanez.

Izan ere, jarauntsitako legatuaren gaineko jarduketa bakoitzak memoria zaintzeaz gain, etorkizuna ere eraikitzen du.