Aste Santuko oporretan bertaratuko diren milaka turisten eta bertakoen segurtasuna bermatze aldera, Sopelako Udalak Barinatxe hondartzara sartzeko arrapalaren behin-behineko itxiturari eutsiko dio jaiegunetan.
Lekuz aldatutako materialek bidearen gainean jarraitzen dute, eta, ondorioz, sarrera itxita mantendu behar da pertsonentzat zein larrialdietarako eta garbiketarako ibilgailuentzat ere. Arriskuak prebenitzea eta hondartzara joaten diren pertsonak babestea da itxituraren eta ohartarazpen kartelen helburua.
Egoera horren berri Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako eta Meteorologiako Zuzendaritzari (112) eta Bizkaiko Foru Aldundiko Salbamendu Zerbitzuari (suhiltzaileak) eman zaie, hondartzan jardueraren bat egin behar izanez gero kontuan har dezaten.
Sarbidearen segurtasun-baldintzak berrezartzeko, Udalak formalki eskatu zion Itsasertz Mugarteari arrapala oztopatzen duten materialak kentzeko, jarduketa horiek ez baitira udalaren eskumenekoak. Erakunde horrek, ordea, ezezko erantzuna eman dio errekerimendu horri.
Zuhurtziarako eta erantzukizunerako deia
Udalak azpimarratu du beharrezkoa dela herritarrek ahalik eta zuhurtasun handienarekin jokatzea eta sarbidea itxita dagoela errespetatzea. Eguraldi ona eginez gero, hondartzara jende asko joan daiteke salbamendu-zerbitzuak hasi baino lehen ere, eta, beraz, funtsezkoa da kaltetutako guneetara ez hurbiltzea edo blokeatutako bidetik ez ibiltzea.
Puntu horretatik sartzeak arriskuan jar lezake herritarren segurtasuna, eta, gainera, uneren batean esku hartu behar badute, zerbitzuen eraginkortasuna zaildu daiteke.
Txosten teknikoak eta udalaren konpromisoa eskatzea
Egoeraren balorazio osoa izateko eta funtsezko zerbitzuetarako sarbide segurua bermatzeko konponbide baterantz aurrera egiteko, Udalak txosten tekniko osagarriak eskatu dizkie Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako eta Meteorologiako Zuzendaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuari.
Itxieratik eratorritako arriskuak modu integralean ebaluatzea da helburua, alternatibak identifikatzea eta hondartzaren erabiltzaileen segurtasuna lehenesten duten erabakiak hartzen direla ziurtatzea.
Sopelako Udalak gardentasunarekin, prebentzioarekin eta herritarren babesarekin duen konpromisoa berretsi du: “Arduraz lan egiten jarraituko dugu, egoera lehenbailehen konpondu dadin”.