Inoiz baino plaza gehiago eskainiko ditu aurten Udalekuak programak
Bizkaiak 1.544 plaza eskaintzen ditu guztira, 7 eta 13 urte bitarteko adingabeentzat, iaz baino 30 plaza gehiago
Astelehen honetan goizean, 2026ko Udalekuak kanpainaren aurkezpena egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. Aurten berritasunekin datoz, baina nabarmenena da guztira 4.289 plaza eskainiko direla, historiako kopururik handiena.
Euskadiko hiru lurraldeetan banatuta, 4.004 plaza euskaraz eta 285 plaza elebidun izango dira. Programa 7 eta 13 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago, eta zazpi eguneko txandak egin ahal izango dituzte uztailaren 1etik 29ra bitartean, biak barne.
Adin tarteen arabera, 7-8 urtekoentzat 404 plaza eskainiko dira, guztiak euskaraz. Kopururik handiena 9 eta 11 urte arteko adin tartean eskainiko da, 2.245 plaza (2.090 euskaraz eta 155 elebidun), eta, azkenik, 12-13 urte arteko adingabeek 1.640 plaza izango dituzte (1.510 euskaraz eta 130 elebidun).
Lurraldeka, plaza guztietatik 1.695, Araban; 1.544, Bizkaian; eta 1.050 Gipuzkoan eskainiko dira. Horrek esan nahi du iazko aldean %4,3ko igoera izan duela plaza kopuruak, eta Euskadi osoan 177 adingabe gehiago hartzeko aukera egongo dela, Gipuzkoan, 50; Araban, 67, eta Bizkaian, 30.
15 instalazio hiru lurraldeetan
Udalekuak 2026 kanpaina hiru lurralde historikoetan banatutako 15 instalaziotan egingo da. Bizkaian, zazpitan: La Arboledan, Gorlizen, Lurraskan, Meakaurren, Legasan, eta oraindik zehaztu gabe dauden bi tokitan. Gipuzkoan, Orioko Txurruka aterpetxean, Zarautzen, Juan Sebastián Elkanon (Hondarribia), eta zehaztu gabe dauden beste bi kokaleku. Araban hiru tokitan: Zuhatzan, Barrian (Barria-Narbaiza) eta Espejon.
Berritasun gisa, hiru aldundiek aurten 146 euroko kuota orokor bakarra adostu dute, plaza bakoitzaren kostuaren zati bat bere gain hartuz. Prezioaren barruan sartzen dira ostatua eta mantenu osoa, dinamizazio zerbitzua, istripu eta erantzukizun zibileko asegurua, bai eta Donostiatik, Bilbotik edo Gasteiztik instalazioetarainoko joan-etorriak ere. Gainera, lurralde bakoitzak hobariak ezartzen ditu familia ugarientzat eta gizarte laguntzak jasotzen dituzten familientzat.
Administrazioek plazen % 5 gordetzen dute premia bereziak dituzten adingabeentzat, elkarte espezializatuen laguntzarekin adingabe horiek behar bezala integratzen direla bermatzeko. Txanda bakoitzeko taldeak aisialdiko begirale tituludunek, zuzendariek eta jarduera espezifikoetan (bela, windsurfa, etab.) adituak diren langileek osatuko dituzte, baita desgaitasuna duten adingabeen arreta emateko gaitutako profesionalek ere.
Izen-ematea eta zozketa
2026ko Udalekuak programetako zozketan parte hartzeko izen-emateak martxoaren 6tik 20ra egingo dira Gipuzkoan; martxoaren 18tik 27ra Araban; eta martxoaren 9tik 18ra Bizkaian. Eskaerak gehienez hiru parte-hartzaileko taldeetan aurkeztu ahal izango dira.
Zozketa publikoak honako egun hauetan egingo dira: Gipuzkoan, martxoaren 26an; Araban, apirilaren 16a.