Hemen da Haizetara Kaleko Musika Jaialdiaren edizio berri bat. Datorren ostiralean hasiko da, ekainaren 19an, eta hilaren 21era arte luzatuko da, eta herrialde desberdinetako hamar taldek hartuko dute parte. Egun horietan, Amorebieta-Etxanoko kaleak erritmoz eta kolorez beteko dira.

Edizio internazionala eta anitza

2026rako hautatutako taldeek Belgikako, Frantziako, Italiako, Hungariako eta Estatuko hainbat tokitako doinuak ekarriko dituzte. Talde bakoitzak lau emanaldi eskainiko ditu udalerriko hainbat gunetan, jazza, funka, bertsioak, konposizio originalak, musika elektronikoa, hip-hop eta folk, bezalako estiloak nahastuz.

Edizio honetan parte hartuko duten bandak hauek dira: Pierres&fils (Frantzia), Banda quetzal (Belgika), Les rogers brass band (Frantzia), Seven seas orchestra (Italia), Mamabrass (Madril), Fanfarria taquikardia (Vigo), Forbi brass band (Hungaria), Los justicieros (Madril), Super panela (Frantzia) eta Barna sabor trubača (Bartzelona).

Horrez gain, jaialdiaren barruan III. Euskal Herriko fanfarre eta txarangen topaketa ospatuko da larunbatean, horrenbestez, lehiaketatik kanpo hainbat talde arituko dira kaleetan zehar, hala nola, Sugarri, Malatxo, Incansables, Mauxitxa, Sama Siku eta Zornotzako Musika Banda. 

Programazio nabarmena

Jaialdia ostiralean hasiko da, hilak 19, 19:00etan, Zelaieta parkean egingo den taldeen aurkezpenarekin. Ondoren, kontzertu ugari izango dira herriko hainbat gunetan, hala nola Andra Mari, Gernika, Arraibi, Euskal Herria, Kalbario eta Zubiondo plazetan, Zezilia Gallartzagoitia eta Sabino Arana kaleetan, Harrison hotelean eta Amorebieta-Etxanoko beste hainbat txokotan.

Ostiral eta larunbatean emanaldiak goizaldera arte gauzatuko dira eta egun bietan,amaitzeko, Ariane Quartet taldearen “Jam Session” saioak izango dira Harrison hotelean 00:00etatik aurrera. 

Sariak eta bozketak

Jaialdia igandean amaituko da, hilak 21, 13:00etan, Zelaieta parkean egingo den sari banaketarekin. Hiru sari emango dira: Bandarik onena (15.000 €), Instrumentistarik onena (1.000 €) eta Publikoaren saria (4.000 €). Aurten, Haizetara App erabilgarri dago lehen aldiz, eta horri esker Publikoaren Saria bozkatzeko aukera izango da modu eroso eta digitalean:

Halaber, Haizetara App-ak bozkatzeko aukera emateaz gain, beste hainbat funtzio ere eskaintzen ditu: taldeak mapan kokatzeko aukera, haien emanaldiak entzuteko aukera, taldeen inguruko informazioa eta biografiak kontsultatzeko aukera, eta jaialdiko egitaraua eskuratzeko aukera, besteak beste. 

Online bozketa ostiral eta larunbatean egingo da, ekainaren 19ko 20:00etatik ekainaren 20ko 24:00etara bitartean, app-an edo Zelaieta Zentroko Dendan dagoen bozketa-gunean. Aurten, telefonotik egin nahi ez dutenentzat, aurrez aurre bozkatzeko aukera ere egongo da: Zelaieta Zentroan bozketa-puntu digital bat jarriko da, Haizetarako banden merchandisinga saltzen den lekuan, denda zabalik dagoen ordutegian (ostirala 19:00-23:30, larunbata: 11:30-14:00 eta 19:00-23:30, igandea 11:30-14:00) 

Haizetara jaialdiaren 19. edizioaren kartela. A. U.

Guztiontzako jaialdia

Udaletik Haizetara bezalako ekimen baten aldeko konpromisoa mantentzen dugu, gure herriarentzat kulturaren, sormenaren eta bizikidetzaren adierazgarri delako. Jaialdi honek nazioarteko proposamenak ezagutzeko aukera ematen digu, eta aldi berean, Amorebieta-Etxano bizipen partekatuen eta giro onaren topagune bihurtzen du. Horregatik, herritar guztiak animatu nahi ditut kaleetan sortzen den jai-giro honen parte izatera, guztion artean eraikitzen baita”, amaitu du Ainhoa Salterain alkateak.

“Aerofonoak: Munduko Haizeak” erakusketa

Era berean, bisitariek 'Aerofonoak: Munduko Haizeak' erakusketa izango dute ikusgai Zelaieta Zentroko erakusketa gelan, ekainaren 9tik uztailaren 3ra. Munduko haize-instrumentuen aniztasuna aurkezten du, eta instrumentu bakoitzaren historia, funtzio kulturalak eta material lokalek soinua nola sortzen duten azaltzen ditu, Haizetara ekimenarekin lotura zuzena duelarik. Sarrera doakoa da, eta musika eta kultura honen magia gertutik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du.