Udalerriko hirigunean etorkizuneko zuhaiztia hobetu nahian abiarazi zuen Sopelako Udalak Zuhaizti Planaren proba pilotu bat Akilino Arriola kalean, Zipiriñe eskolaren parean konkretuki. Bertan drainatze iraunkorra duten bi txorko jarri ziren, zuhaitzak modu osasungarrian eta ingurunera egokituta haz daitezen. Bada, orain, Udalak amaitutzat eman du proba pilotu hori.

Drainatze iraunkorreko sistema konplexua

Proiektua 9 metroko bi txorko luze irekitzean datza, drainatze-sistema jasangarri batekin barnean, lorategiz hornituak, eta bakoitzean bi zuhaitz landatu dira. Bi txorkoen azalera 27 m²-koa da. Horietako bakoitzak 13,5 m2 hartzen ditu. 

Sistema horren bidez, urak har dezakeen bioatxikitze-parterre bat sortzea proposatzen da, inguruko hiri-eremuetatik jasotako euri-urak drainatzen eta zuzenean lurzoruan infiltratzen laguntzeko: drainatze-sistemak inguruko euri-urak bildu, atxiki, iragazi, eta, neurri batean, lurrean infiltratzen ditu. Hala, ahalik eta parterre begetal zabalenak sortu nahi dira, egiturazko lurzoru iragazkor eta drainatzaileko lurrez osatuak, polipropileno birziklatuzko gelaxkekin konbinatuak, iragazkortasuna handitzeko legarrez bilduak eta landare-lurrez, zuhaixka-landarez eta zuhaitzez estaliak. 

Gainera, soluzio horiek iragazketa-putzuak dituzte, legarrez beteak, euri ura drainatzeko eta atxikitzeko ahalmena handitzeko. Infiltrazio-putzu horiek gainezkabide moduko bat dute; era horretara, biomantentze-eremua urez betetzen denean, soberakina euri-uren udal-sarearekin konektatu eta hustu ahal izango da. Urpean gera daitezkeen bioatxikitze-eremu horiek ongi diseinatuz gero, hiri-eremu bateko euri-isurketen % 90 atxiki daiteke, eta, beraz, murriztu egiten da uholde-arriskua.

Eraztun Berdea eta Aurrekontu Parte-hartzaileak 2024/2025

Zuhaizti Plana 2024an egin zuen Basoinsa enpresak, Udalak eskatuta, Sopelako Eraztun Berdearen Kontseiluak bultzatutako jardueren barruan. Zuhaizti Plan honek zuhaitzak kudeatzeko irizpide iraunkorrak ezarri nahi ditu udalerriko hiri-eremuaren barruan, Sopelako Eraztun Berdearen espirituarekin bat datorren helburua. Gogoan izan behar da Eraztun Berdea “gure ingurune naturala eta kulturala zaintzeko ilusioz betetako proiektua dela, eragile instituzional, politiko eta sozialen arteko lankidetza eraikitzailean garatua, herri hobe bat lortzeko”.

Bestalde, Zuhaiztien Plan honen proba pilotua Udalak sustatutako 2024/2025 aurrekontu parte hartzaileetan aukeratutako proiektuetako bat izan zen, 50.000 euroko zuzkidurarekin. Azkenik, bi txorko jasangarriak instalatzeko egin diren lanek 42.413,61 euroko kostua izan dute guztira.