Ziortza-Bolibarko Udalak urteko lehen hiruhilekorako aurreikusitako kultur programazioaren berri eman du kultur jarduera guztiak biltzen dituen egutegiarekin. Udalak eta udalerriko hainbat elkartek elkarrekin egin dute programazioa, eta kultur proposamenak, ospakizun tradizionalak eta hainbat jarduerak biltzen ditu.

Programazioa urtarrilaren 17an hasiko da, Geuretik Sortuak ekimenarekin. Ekitaldi hori udaletxean egingo da, eta Patricia Etxegarairen ‘Zazpikiak bat’ komikia aurkeztuko da. Eta urtarrilaren 31n, Baso Landaketaren jardunaldia ospatuko da. Baso landaketa hau taldeka egingo da, Arimen gaztainadiaren ondoan, Lurgaia Fundazioak eta bertako taldeek antolatuta.

Bestalde, otsailean, hilaren 7an, Santa Ageda ospatuko da, herriak ohi duen kantuarekin, eta hilak 13, ‘Bi Arnas’ dokumentala proiektatuko da udaletxean. Egun berean, jubilatuen txitxiburduntzia egingo da Armola jatetxean. Hila bukatzeko otsailaren 21eanZiortza-Bolibarko inauteriak ospatuko dira.

Martxoan zehar ere programazioak hainbat jarduerarekin jarraituko du. M8aren inguruan, 7an ‘Ring’ antzezlana antzeztuko da eta 8an Emakumearen Eguna ospatuko da triki-poteoarekin eta bazkari batekin Kanpape jatetxean. Igandean, hilak 15, ‘Francopoleon’ obra antzeztuko da. Kultur agendari amaiera emateko, 20an Oiz mendiko basoak berreskuratzeari buruzko hitzaldia, 21ean akazia inbaditzailea kentzeko tailer praktikoa eta 22an Korrika Txikia ospatuko dira.