Sestaoko Udalak martxan jarri du Ostiral Kulturalak programaren edizio berri bat. Asteazken honetan goizean, Carlos García de Andoin Kultura zinegotziak ekimen honen barruan garatuko diren 29 antzerki eta musika ikuskizunak eman ditu ezagutzera. Programazioa Musika Eskolako ekitaldi aregoan garatuko da, urtarriletik azarora bitartean.
Zinegotziak azaldu duenez, Ostiral Kulturalak programa "beteranoa" da, eta "Sestaoko Udalak kultura irisgarri eta kalitatezkoarekin duen konpromisoa indartzen jarraitu nahi dugu". Sarreren prezioa izoztuta mantenduko da eta 6 eta 8 euro bitartekoa izango da obraren arabera. Prezio hori, oro har, Bilbo Handiko beste udalerri batzuek funtzio berak ikusteagatik kobratzen dutena baino merkeagoa izaten da.
Azken edizioetan bezala, Ostiral Kulturalen jarduera gai-multzo handitan banatuko da. Urtarrila eta ekaina bitartean publikoak antzerki amateurraz, emakumeek egindako antzerkiaz eta antzerki profesionalaz gozatu ahal izango du.
Udako etenaldiaren ondoren, irailaren amaieran ekingo zaie berriro emanaldiei, eta azaroaren amaiera arte iraungo dute. Bi hilabeteko aldi honetan, umorezko obren txanda iritsiko da, hala nola bakarrizketena, eta Santa Zeziliaren ospakizunarekin batera, Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoaren eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren Piano eta Harirako Boskotearen musika-emanaldiak izango dira. Aurten, 2026an, aktore-talde garrantzitsu bat berriro izango da Musika Eskolako ekitaldi-areto honetako agertokian. Aipagarrienen artean, arte eszenikoetako profesionalak nabarmendu behar dira, hala nola Ramon Barea Antzerki Sari Nazionala, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza telebistatik ezagunak, edo Zuhaitz Gurrutxaga Real Sociedadeko futbolari ohia.
Aurten sartu den berrikuntzetako bat sarrerak aldez aurretik erosteko webgunea da: sestaoaretoa.vivetix.com/eu. Teknologia berriak erabiltzera ohituta ez dauden pertsonek sarrerak leihatilan erosten jarraitu ahal izango dute emanaldiak hasi baino ordubete lehenagotik.
Amaitzeko, Carlos García de Andoinek Sestaoko eta inguruko herrietako bizilagunak Ostiral Kulturaletan eskainiko diren aukera guztiez gozatzera animatu ditu: "Musika Eskolara hurbiltzen diren pertsonek sorpresaz beteriko programazioa aurkituko dute, algaraka aritzeko obrak, antzerkira egokitu diren literaturaren klasikoak, mezu soziala duten obrak, bakarrizketak... uztartzen dituena. Azken batean, kultura pertsona guztiei hurbiltzeko eskaintza zabala”.