Urtarrilaren 2an jokatu zen aurtengo Ondarrutar Naturala lehiaketa Zaldupe udal kiroldegian. Arratsalde osoan zehar giro polita eta parte-hartze handia izan zen, eta, azkenik, Ibane eta Esti Arruti Osa ahizpek azken bi edizioak irabazi ostean, Josu eta Leire Egiguren Urrosolo neba-arrebek eskuratu zuten garaipena.

Lehiaketa hau binaka jokatzen da, eta bikoteak askotariko moduan osa daitezke: bi helduk osatutakoak, edota heldu batek eta gazte batek osatutakoak. Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrerako adingabeek parte hartzeko aukera dute heldu batekin bikotea eginez, betiere 15 urtetik gorako pertsona batekin. DBHko 4. mailako ikasleek, berriz, heldu gisa parte har dezakete, eta bi pertsona helduk osatutako bikoteek ere parte har dezakete.

Parte-hartzaileek Ondarroari buruzko ezagutza zabala erakutsi behar izan zuten, herriko historiari, pertsona ospetsuei, gertaera esanguratsuei, esaera zaharrei, leku-izenei, abestiei, jolasei eta bestelako erreferentziei lotutako galderei erantzunez. Galdera-erantzunak izan ziren jokoaren ardatza, baina horiez gain, bestelako proba dinamiko eta dibertigarriak ere egin ziren, saioa arinagoa eta erakargarriagoa bihurtuz.

Denbora-pasa atsegin eta didaktiko gisa planteatutako ekimen honek aisialdiaz harago doan helburua izan zuen, hizkuntzaren eta tokiko kulturaren transmisioa sustatzea.

Udaletik eskerrak eman zizkieten Zaldupe kiroldegira gerturatu ziren parte-hartzaile eta ikusle guztiei, bai eta ekimena posible egin zuten antolatzaileei ere. Azpimarratu zutenez, sortutako giroa eta erakutsitako mailaparegabeak” izan ziren, eta horrek erakusten du Ondarrutar Naturalak herritarren artean duen harrera ona.