Beningo Vida para Todos Fundazioak jasoko ditu aurtengo Errosko Solidarioaren Jaian jasoko diren onura eta dohaintza guztiak. Mungiako Udalak urtero harrera ezinhobea duen ekimen honen edizio berri bat, hogeigarrena konkretuki, ospatuko du astelehen honetan, urtarrilaren 5ean.
Hitzordu tradizional honen helburua da egoera ahulean dauden pertsona edo kolektiboen alde lan egiten duten erakunde, proiektu edo kausei laguntzeko dirua biltzea. Horrela, 17:00etatik aurrera, erregeen errosko zatiak banatuko dira Andra Marin txokolate beroarekin lagunduta, euro bat eta berrogeita hamar zentimoan.
Hogei urteko konpromiso solidarioa Beninekin
Edizio honetan bildutako dirua Beningo Vida para Todos Fundaziora bideratuko da. Mungiako Udalak duela gutxi ospatu du Afrikako herrialdean proiektu ugari garatzea ahalbidetu duen lankidetza solidarioaren hasieraren 20. urteurrena. Urte hauetan bultzatutako proiektuen artean, nabarmentzekoak dira Sirarou eskualdean emakume- kooperatiba bat sortzea, Banikoara eskualdean ospitale bat eraikitzea eta hornitzea, hainbat eskola eraikitzea eta hornitzea, eta edukiontziak bidaltzea osasun-, hezkuntza-, informatika- eta eraikuntza-materialarekin, besteak beste.
Mungiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi Bakarne Egiak adierazi duenez "Errosko Solidarioaren Jaia Mungiako konpromiso solidarioaren adibide garbia da. Hogei urte dira jada tradizioa, herritarren parte-hartzea eta nazioarteko lankidetza batzen, milaka pertsonaren bizi-baldintzak benetan hobetzen dituzten proiektuak babesten".
Urtero bezala, Mungiako herritarrek ekimen solidario honen bidez egiten duten dohaintzaz gain, Udalak bikoiztu egingo du errosko eta txokolatearen banaketan lortzen den kopurua.
60 metro luzeko erroskoa
Erroskoa 60 metro luze da, eta Mungiako bi okindegi/gozotegik egingo dute, Udalaren enkarguz. Horretarako, 90 kilo irin, 360 arrautza, 30 kilo gurin, 6 kilo legamia eta 18 kilo azukre erabiliko dira.
Bestalde, Txulalai taldeak haurrentzako animazioa eskainiko du, eta persona VIP-ak egongo dira erroskoa bertaratzen direnen artean banatzen laguntzeko, hala nola Enara Gaminde pilotariak.