ELA gaixotasunaren aldeko dirua bildu dute Marijesiek
2.547,40 euro bideratuko dira gaixotasuna dutenen bizi-kalitatea hobetzeko
2025eko Gernikako Marijesien diru-bilketaren emaitza aurkeztu da. Aurtengoan, abenduaren 16tik 24ra bitartean egindako bederatzi gaueko bederatziurrenean bildutako dirua ADELA-Bizkaia elkarteari ematea erabaki dute Marijesiek. Guztira, 2.547,40 euroko ekarpena egin da.
Ekimen honen bidez, alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA/AEA) ikusaraztea eta gaitza duten pertsonen gizarteratzea sustatu nahi da. Bildutako dirua ELA duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko zainketa aringarriak eskaintzera eta ikerketa bultzatzera bideratuko da, elkarteak Bizkaian garatzen dituen programen barruan.
Diru-ematea Jon Oses Irulegi lekeitiarrak jaso zuen ADELA-Bizkaiaren izenean, eta eskerrak eman zizkien Gernikako herritar guztiei egindako ekarpenagatik eta bederatziurrenak iraun duen egunetan zehar erakutsitako babesagatik.
Abenduaren 16tik 24ra, bederatzi gau jarraian, Marijesiak kalera irten dira goizaldean. Herria hiru eremutan banatuta, ahalik eta auzo gehienetara iristea izan dute helburu, urtez urte mantentzen den erritua bizirik eutsiz. Erritua barrutik bizitzen da: etxe barruan entzuten diren ahotsak, leihoetan agertzen diren aurpegiak, eta kalean dabilen taldearen eta herritarren arteko lotura isila.
Aurtengo bederatziurrenean, Marijesiak Lurgorri auzoan aritu dira 16, 19, 21 eta 24an; Errenterian17, 20 eta 23an; eta Tiloetan18 eta 22an. Egun eta auzo horietan guztietan kantatutakoa batuta, guztira 1.290 kopla abestu dituzte.Bakarlariak Iñaki Gonzalez Abadia, Denis Azkarate, Fernando Astoreka, Ane Miren Arejita eta Alex Uriarte izan dira.
Antolatzaileen esanetan, aurtengo balorazioa oso positiboa da, bai antolakuntzari dagokionez, bai herritarrek erakutsitako harrerari eta inplikazioari dagokionez. Beste behin ere, Gernikako Marijesien tradizioak izaera soziala, kulturala eta solidarioa uztartu dituela azpimarratu dute.