Síguenos en redes sociales:

Martxan dira Ollargango bizikleta-parkearen bigarren faseko obrak

Proiektuaren barruan, Bizkaiko lehenengo flow linea eta ziklo-kroseko lehenengo zirkuitu publikoa daude

Martxan dira Ollargango bizikleta-parkearen bigarren faseko obrakBFA

Aste honetan martxan jarri dira Ollargango bizikleta-parkearen bigarren faseko obrak. Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua parkea erabiltzeko aukera gehiago ematea da, orain arte gune horretan egin ezin izan diren modalitateak eskainiz.

Bigarren faseak bi azpiegitura berri ditu. Lehenengoa flow line bat da, enduroa, jaitsiera eta halako kiroletan erabiltzen den jaisteko modu bat. 1.200 metroko ibilbide bat da, 275 metroko desnibel positibo metatua duena, eta Malmasin mendiaren hegaletako batetik Ollargan-Montefuerte metropoli-parkera jaitsiko da. Trazatu mota hori jaitsiera jarraitua da, eta elementu hauek ditu: inklinazioz eraikitako bihurguneak, lautada txikiak eta jauziak; haiek denak bizikleta lurretik askatu gabe gainditu daitezke, nahi izanez gero. Teknikaz zertxobait jakin behar den arren, diseinatuta dago jaisteko eremuetan erdi-mailako esperientzia duen edonork erabili ahal izateko. Zailtasuna erabiltzaile bakoitzak jaisteko aukeratzen duen abiaduraren araberakoa izango da.

Bigarren jarduketa Bizkaiko ziklo-kroseko lehenengo zirkuitu publikoa da. Ziklo-kros modalitatean, bi eremu mota konbinatzen dira: batetik, pedalei eragiteko tarteak eta, bestetik, oinez edo bizikletatik apur batean jaitsiz gainditu beharreko oztopoak dituzten aldeak. Udazken-neguetan egiten da, eta ibilbideetan askotariko elementuak egoten dira; adibidez, eskailerak, eremu teknikoak, bihurgune itxiak edo arrapala txikiak. Zirkuitu berriak 2,5 kilometro izango ditu, eta elementu horiek guztiak edukiko ditu, kirol horren praktika errazteko.

Obrak seinaleztapen-plan bat ere izango du, parkeko ibilbideak antolatzeko eta txirrindularien, xendazaleen, oinezkoen eta lasterkarien arteko bizikidetza errazteko, erabiltzaile bakoitzak argi eta garbi identifika ditzan bere jarduerarako guneak.

Erabilera handia abian jarri zenetik

Abian jarri zenetik, Ollargango bizikleta-parkeak askotariko erabiltzaileak jaso ditu etengabe: eskolak, klubak eta bakarka entrenatzen diren pertsonak. Berez ez dago sistema automatikorik zenbat jende datorren kontatzeko. Hala ere, Bizkaiko Txirrindularitza Federakundeak dio eskola batzuk sarritan joaten direla eremura zabaldu zenetik; besteak beste, Miribilla BTT (Bilbo), Basauntzak (Etxebarri) eta Gela Pedagogikoa (Galdakao). Guztira, 500 kirolari baino gehiago dira. Horrez gain, metropoli-inguruneko zenbait udalerritako beste eskola batzuek ere bisitatzen dute hilero, eta pertsona batzuek bi ordu baino gutxiagoko entrenamenduetarako erabiltzen dute XCO zirkuitua, hala mendialdera joan beharrik gabe.

Bizikleta-parkea kirol-jardueren agertokia ere izan da zabaldu zenetik. 2025eko ekainean, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) araututako XCOko Green Series nazioarteko txapelketako proba bat egin zen, eta Estatuko nahiz nazioarteko kirolariek hartu zuten parte. Proba hori 2026an berriro egiteko asmoa dago. Gainera, jauzi-lerroa Bizkaiko Txirrindularitza Federakundeak antolatutako ikastaro batzuk egiteko erabili da.

Martxan daude proiektuaren bigarren faseko obrak, eta udaberrian amaitzeko asmoa dago. Amaitutakoan, Ollargango bizikleta-parkeak bidea emango du eremu berean XCOa, dirta, enduroa/jaitsiera eta ziklo-krosa praktikatzeko, hala erabilera-aukerak zabalduz txirrindularitzaren barruko askotariko profilentzat.