Petardoak, bengalak edota su artifizialak bezalako artifizio piroteknikoak txarto erabiliz gero ezbeharrak gerta daitezke. Horregatik, urtero bezala, Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak hainbat gomendio zabaldu ditu.

Artifizio piroteknikoak jostagarriak dira pertsona askorentzat, baina ez da ahaztu behar arriskutsuak ere badirela.

Segurtasunarekin erabiltzea

Bizkaiko Foru Aldundiaren Suhiltzaileen Zerbitzuak neurri hauek hartzeko gomendatzen du:

  •  Arretaz irakurri jarraibideak eta kontuan hartu materiala erabiltzeko gomendatutako gutxieneko adina: Artifizio bakoitzak ezarrita dauka erabiltzeko gutxieneko adina; adin horretatik beherako umeek ez dute inolaz ere erabili behar. Jarraibideetan materiala zuzen erabiltzeko eta dibertsioak arriskurik ez sortzeko aholkuen laburpena egiten da.
  •  Ez erabili inoiz petardorik poltsikoan: Beroaren edo igurtzimenduaren ondorioz metxa bat isiotu daiteke nahi gabe, sua beste petardo batzuetara zaldu daiteke eta denen eztandak lesio larriak eragin ditzake.
  •  Ez jaurti petardorik pertsonei ez animaliei, ez eta haien ondoan ere: Gorputzeko atal batzuk oso zaurgarriak dira, esaterako begiak eta belarriak: oso ondorio larriak jasan ditzakete, batez ere maskotenek.
  •  Ez sartu petardorik botiletan, ontzietan eta hormako hutsuneetan, eta ez bota sutara: Eztanda egiten dutenean, inguruko elementuak jaurtigai modura bultzatzen dituzte noranahi, metraila gisa.
  •  Artifizio piroteknikoa metxaren muturretik piztu behar da; eztanda egiten ez badu, galdutzat jo behar da: Metxen luzera eta iraupena lehergailuaren potentziaren araberakoak izan behar dira, eztanda egin aurretik urruntzeko astia edukitzeko. Artifizioak eztanda egiten ez badu, 15 minutu itxaron behar da eskuztatu arte; ahal dela, hoberena urez bustitzea da, deuseztatzeko.
  •  Ez erabili toki eta egoera arriskutsuetan: Ez da bota behar petardorik ez bestelako artifizio piroteknikorik etxe barruan, ez basoen inguruan, ez jende asko dagoen lekuetan, ez produktu sukoiak dauden lekuetan, ez eta leiho edo balkoietatik ere.
  •  Edozein sugar edo sute txiki ikusiz gero, deitu berehala 112 larrialdi-telefonora.

Azken gomendioa etxebizitza guztietarako, ospakizunetan parte hartu zein ez: ez utzi arroparik esekita eta, plastikozko estalkia daukan esekilekua egonez gero, tolestuta mantendu. Gainera, ateak eta leihoak itxita eduki behar dira, denon segurtasuna ziurtatzeko.

Segurtasuna eta prebentzioa ezinbestekoak dira jai-ospakizunetan ezbeharrik ez gertatzeko. Erabili beti zentzua eta arduraz jokatu, herritarren festa-eskubidea errespetatuz.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Suhiltzaileen Zerbitzuak herritarrei eskatzen die ardurarekin jokatzeko eta oinarrizko segurtasun-neurri hauei kasu egitea, aurtengo Gabon zaharretan seguru egon gaitezen denok.