Bizkaiko Foru Aldundiak 5.360.946,42 euroko aurrekontua bideratu du A-8 autobidearen Basauriko lotunean, hain zuzen ere Malmasingo tunelaren inguruan, errepidea hobetzeko. Lan horiek 2023ko irailean hasi ziren, eta 26 hilabeteko lanen ondoren, aste honetan eman ditu amaitutzat Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailak.
Zaharkitutako euste-sistemak berritu dira eta seinaleak hobetu dira lotune osoan eta tunelaren inguruan, gaur egungo bide-segurtasuneko baldintzak betetzeko. Izan ere, lotunea eraiki zeneko hesiak zaharkituta zeuden.
Hesi berriak jartzeko lan oso espezializatuak egin behar izan dira: besteak beste, eraispenak eta uren bidezko eraispenak egin dira errobotak erabiliz egituren ertzetan, sendotu eta sistema zaharrak kendu ahal izateko pretil eta berriak ipini aurretik. Hori guztia egiteko berariazko metodoak erabili dira eta lan-ordutegi zehatzak ezarri dira, trafikoan ahalik eragin txikiena edukitzeko, batez ere Malmasingo tunelaren sarbideetan.
Obrak hain izan dira zailak, ezen tunelaren inguruan gauez lan egin behar izan baita bi urte baino luzeago. Guztira 80 aldiz moztu da hodia gauez, bypassa ipinita. Basauriko lotunean 22 egitura daude —zubiak, lurpeko pasabideak eta hormak—, eta denetan egon dira euste-sistema zaharkituak, nahitaez berritu beharrekoak.
Guztira, 1.196 m² eraitsi dira uraren bidez errobotak erabiliz, kilometro bat pretil metaliko ipini da eta 6 kilometro euste-hesi berri jarri dira.
Basauriko lotunea oso konplexua da, egunean-egunean 59.000 ibilgailu pasatzen baitira bertatik. Seinaleetan edo balizetan ezer aldatuz gero, gidariak berehala ohartzen dira eta ilarak sortzen dira. Izan ere, lan hauek egiten egon diren bitartean halakoak halabeharrez gertatu dira.
Jarduketa honekin Bizkaiko Foru Aldundiak bide-segurtasuneko prebentzioaren aldeko politikari eusten dio: lehentasuntzat du sareko toki estrategikoetan esku hartzea, arriskuak txikitzeko eta ezbeharretan ondorio larririk ez gertatzeko.