Síguenos en redes sociales:

Jostailu ez-sexisten aldeko hautua sustatzeko kanpaina abiarazi du Aldundiak

Zalantzan jartzen du "mutilentzat" eta "neskentzat" terminoen arteko banaketa

Jostailu ez-sexisten aldeko hautua sustatzeko kanpaina abiarazi du AldundiakBFA

Urtero bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak jostailu ez-sexisten aldeko hautua sustatzeko eta umeentzako oparietan genero-estereotiporik ez erreproduzitzeko sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du martxan aurten ere bai, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatseko sailaren bitartez.

Ahaldun nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko arloaren arduradun Teresa Lapaespadak adierazi du Gabonaldia garrantzi sinboliko bereziko unea dela, eta jostailuak umezarotik direla gizarteratze-prozesuen parte; beraz, funtsezkoa dela genero-rolik edo -estereotiporik ez transmititzea.

Ekimenak ikuspegi ironikoa darabil, eta Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak ditu iruditzat; pertsonaia horiek sinbolikoki ohartarazten dute tradizioz «mutilentzat» eta «neskentzat» bereizi izan diren jostailuak hautatzeak ikatza ekar dezakeela.

Mezu nagusia formatu handiko azalpenezko kubo batzuetan ematen da; kuboek opari-forma dute, eta Gabonetako motiboak, pertsonaia tradizionalen marrazkiak eta begizta gorri handi bat dituzte apaingarri. Euskarri horietan lelo hau ageri da, euskaraz zein gaztelaniaz: 'Oraindik uste baduzu "mutilen" jostailuak eta "nesken" jostailuak daudela... ikatza ekarriko dizugu!'.

Kuboetan, halaber, Gabonetan genero-estereotipoak hausteko beharra aipatzen da, eta jostailuak askatasunez hautatzearen alde egiten da.

Azalpenezko kubo horiek Bizkaiko 14 udalerritan jarriko dira, eta ikusgai egongo dira espazio publikoetan eta jendea dabilen guneetan, abenduaren 17tik urtarrilaren 6ra bitartean, hau da, Gabonaldi osoan.

Kanpaina Berdintasun Zuzendaritzak genero-estereotipoak txikitatik prebenitzeko egiten dituen jarduketetako bat da, eta beste informazio-euskarri eta kanal instituzional batzuen bidez ere zabalduko da.

Gainera, kanpainaren barruan, Olentzerori, Mari Domingiri eta Errege Magoiei zuzendutako gutunak prestatu dira. Gutun horiek Bizkaiko hainbat gunetan banatuko dira, haurrek Gabonetako euren desioak idatz ditzaten. Gutunek kanpainarekin lotutako mezuak jasotzen dituzte, eta genero-estereotiporik gabeko jostailuen hautu librearen ideia indartzen dute.