Itsasadarraren bi ertzak Artatza eta Ballonti biribilguneak lotuz lotuko dituen ibai azpiko etorkizuneko tunelaren eraikuntza-proiektuak dituen lau zatietako azkena atera berri du lizitaziora Bizkaiko Foru Aldundiak.
Ezkerraldean eraikiko den sarbideari dagokion tartearen argitalpen honekin Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak esleipen-prozesua hasi ahal izango du laster.
Azken loteak, 1. lotea deritzonak, Sestao, Trapagaran eta Portugaleteko sarbideak hartzen ditu bere barruan, bai eta A-8 eta MHS (Metropoli Hegoaldeko Saihesbidea) errepideekiko lotura eta tuneleko bi galerien ahoak ere. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 62,9 milioi eurokoa da eta 46 hilabeteko egikaritze-epea aurreikusten da. Interesa duten enpresek otsailaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak.
Iragarpen honek proiektuaren lau loteak argitaratzeko prozesua osatzen du Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, Carlos Alzagak, joan den uztailean eraikuntza-proiektuaren aurkezpenean aurreratu zuen bezala.
4. lotea, lizitatzeko ateratzen den lehena, abuztuaren 12an argitaratu zen 146,8 milioi euroko aurrekontuarekin, eta Getxo eta Leioako sarbideak hartzen dituen tartea da. Gaur egun ebaluazio-fasean dauden 23 enpresaren 7 eskaintza jaso dira eta esleipena otsailaren erdialdean egitea aurreikusten da. Kalkuluen arabera egikaritze-epea 60,5 hilabete ingurukoa izango da.
Ondoren, 3. lotea dago, Eskuinaldeko tunelari dagokiona, azaroaren 5ean argitaratu zena 150,1 milioi euroko zenbatekoan, eta eskaintzak aurkezteko epea abenduaren 16an itxi zen. Lote hau proposamenak ebaluatzeko fasean dago orain eta 60 hilabeteko egikaritze-epea aurreikusten da.
Azkenik, 2. lotea, bereziki ibai azpiko bi hodiak zulatzeari dagokiona —Sestao/Portugalete eta Lamiako artean—; lote hau 133,2 milioi euroan lizitatu zen azaroaren 28an. Eskaintzak jasotzeko epea 2026ko urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik, eta aurreikusitako egikaritze-epea 50 hilabetekoa izango da.
Trafikoari eragindako kalteak
Ezkerraldeko bi loteen obra-faseek eragin mugatua izango dute trafikoan eta desbideratze puntualak baino ez dira egin beharko. 2. lotearen kasuan aldi baterako erreiak kenduko dira Galindoko biribilgunearen (Ballonti merkataritza-gunerako sarbidea) eta Nervaceroko biribilgunearen arteko zatian. Zirkulazioaren abiadura ere murriztuko da, baina ez da uste auto-ilara nabarmenik gertatuko denik; era berean egungo bidegorria ere zabalik egongo da.
3. lotean, Eskuinaldetik tunelaren ahoa egiteko, Artatzako parkearen zati bat okupatu beharko da aldi baterako. Parkearen zati hori ondoren bere osotasunean lehengoratuko da, eta zerbitzuak hobetuko dira, hala nola oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasealekuak, eta elementu berriak sartuko dira, besteak beste urlehortarren urmaela eta pumptrack pista.
Ertz horretan, lurpeko lotunea (4. lotea) gutxi gorabehera 5 egikaritze-fasetan diseinatu da, Avanzadan 3 zirkulazio-erreiak mantentzen saiatuz eta bost fase hauetan aldatzen joango diren trafiko-desbideratzeak eginda. Obrak egingo diren aldean erreiak estuxeagoak izango dira eta abiadura mugatuta egongo da.
Ibai azpiko tunela azpiegitura estrategikoa da Bizkaiko mugikortasuna hobetzeko. Funtsezko proiektua da, itsasadarraren ertzen arteko mugikortasun-eredua eraldatuko duena, eta, ondorioz, Bilbo metropolitar osoarena. Hiru helburu nagusiak hauek izango dira: metropoli-eremuko errepide-sarean gaur egun dagoen pilaketa murriztea; metropoliaren ahalmen handiko sarea mailakatzea, Arrontegi zubiaren ordezko ibilbideak eskainiz, eta gain-ibilbideak murriztea, hau da, bidaiaren luzera eta denbora murriztea.