Mikel Arrasate: Lan onaren fruituak
2004koa izanik, Mikel Arrasate lekeitiarrak badu bere izena triatloiaren munduan. Isila baina irmoa, mailaz igotzen doan horietakoa da. Denboraldi arrakastatsu baten ondoren, prest dago 2026an erronka berriei ekiteko
Bere kirol ibilbidearen hasierak ez ziren bereziki epikoak: txikitan igerilekura negarrez joaten zen haur hura da gaur egun triatloian nabarmendu den gaztea. 10 urterekin hasi zen triatloia ezagutzen. Urte batzuk geroago, kadete mailan, triatloian eta txirrindularitzan ibili zen. 2022an, entrenatzailearen proposamenez, txirrindularitzan bakarrik zentratzea erabaki zuen, baina bigarren urtean zerbait falta zitzaiola sentitu zuen. Hausnartu ondoren, 2024an triatloira bueltatu zen.
Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldera bueltatu zen, eta etengabeko hazkundea izan du azken bi denboraldietan. 2025ekoa oso positiboa izan da Mikelentzat. Urte hasieran ezarritako helburua mailan aurrerapauso bat ematea zen, eta hori bete egin da.
Euskal Herrian parte hartu duen proba guztietan distiratu du, eta hemendik kanpo ere bere lekua egiten hasi da. Garaipenak baloratzen ditu, baina batez ere, bere burua lehiakor sentitzen duela azpimarratzen du.
Azken bi urteetan podiumera igo den herriko triatloia beti gorriz markatutako data da. Maila goreneko triatleten aurka lehiatu da Lekeition, aurten, besteak beste, Luke Williams australiarrarekin batera igerian irten eta bizikletan herrira iristea bizipen berezia izan zen. Herriko jendearen aurrean lehiatzeak emozioak biderkatu egiten ditu.
Txikitatik ikustera joaten zen Donostiako triatloiko garaipena berezi izan zen berarentzat ere. Maila horretako lasterketetan bere burua lehiakor ikusteak konfiantza handia eman zion.
Denboraldiko mugarrietako bat, aurrekoan bezala, Alpe d'Huez-eko triatloi ospetsuan lortutako garaipena izan da. Mikel Arrasatek distantzia laburreko proba irabazi zuen. Alpe d'Huez ez da edozein lasterketa: eszenatokiak, ibilbideak eta bertan biltzen den mailak proba berezi bihurtzen dute. Mikelentzat, ordea, lasterketa bera baino gehiago da. Alpeetan aste oso bat pasatzen du lagunekin, entrenatzen eta giroaz gozatzen. Lehiaketan burua proban dago, noski, baina esperientzia osoak ematen dio benetako balioa. Hain berezia da bizi duena, 2026an Alpe d'Huezen lehiatuko dela ziur dagoela, baina oraindik erabaki gabe dauka azken bi urteetan irabazi duen distantzia laburrean arituko den ala distantzia luzeko proban parte hartuko duen.
2025ean beste pauso garrantzitsu bat ere eman du: triatloiko distantzia erdian debuta. Urrian, Frantzian jokatutako Challenge Vieux-Boucau izan zen aukeratutako proba. 1,9 kilometro igerian, 85 kilometro bizikletan eta 21 kilometro korrika. Debutaz harago, seigarren postuan amaitu zuen lasterketa, maila handiko parte-hartzea izan zuen proban.
Aurrera jarraitzea
Hori izango da Mikelen helburuetako bat 2026ari begira: distantzia erdian esperientzia hartzen jarraitzea, baina batez ere ikasten, gozatzen eta kirolari gisa hazten jarraitzea. Presiorik gabe lehiatu nahi du, gauza berriak probatuz. Euskal Herriko Zirkuituko probek bere tokia izaten jarraituko dute, eta Alpe d'Huez-en berriro aritzea ere ziurra da.
Lekeitiarrak argi dauka ez litzatekeela hona iritsiko ingurukoen babesik gabe. Familia da oinarria: aita, ama eta arreba, beti hor egon direnak, behar izan duen guztian laguntzeko. Amandarri Triatloi Taldea ere familia modukoa da berarentzat. Eta lagunak, noski, ezinbestekoak dira egunerokotasunetik deskonektatzeko eta burua freskatzeko.
Egunerokotasuna
Kirol maila horretara iristeko, lan handia dago atzean. Mikel Donostian bizi da, Adimen Artifizialeko ikasketak egiten ari da. Goizez klaseak izaten ditu, eta klasera joan aurretik igeri saioa sartzen saiatzen da. Astean bost entrenamendu egiten ditu igerian, hiru korrika eta beste hiru bizikletan. Astearen arabera 12 eta 20 ordu artean entrenatzen ditu. Horren atzean Joanes Goitisolo dago, berarekin lasterketetan lehiatzen dena. Mikelentzat, entrenatzailea baino gehiago da: konfiantza osoa du berarengan, eta dena antolatuta izateak lasaitasuna ematen dio egunerokoan.
Gaztea izan arren, Arrasatek heldutasuna erakutsi du. Ez da zarata handirik egiten duen horietakoa, baina eguneroko lanarekin bere bidea eraikitzen ari da. Kirol mailan lortutako emaitzek badute garrantzia, baina are handiagoa da nola iritsi den horietara: umiltasunez, ikasteko gogoarekin eta disfrutatzea ardatz hartuta.