Síguenos en redes sociales:

Altxa Burua mugimenduarekin bat egingo du Sopelak

Sopelaren kasuan, mugimendua Ander Deuna Ikastolan hasi zen, eta, haren ondotik, Zipiriñe eta Iberreko familiak batu ziren

Altxa Burua mugimenduarekin bat egingo du SopelakEP

Haurren eta nerabeen artean teknologia digitalaren erabilera egokia eta kontzientzia bultzatu nahi ditu Sopelako Udalak, herri hezitzaile bezala duen filosofiari jarraituz. Horregatik, hainbat gurasok sortu eta sustatu duten Altxa Burua mugimenduarekin bat egingo du.

Familiek zein hezkuntzako profesionalek gailuen erabilerak eta Interneterako sarbideak gazteengan izan dezakeen inpaktuan duten kezkatik sortu zen Altxa Burua ekimena. Pixkanaka, haziz joan da, eta, gaur egun, saretzen eta elkarlanean aurrera egiten jarraitzen du, era boluntarioan, gazteen ongizatearen alde. Izan ere, ebidentzia zientifikoek agerian utzi dute teknologia horien erabilerak haur eta nerabeen ongizate fisikoan, emozionalean zein sozialean eragin zuzena duela.  

Sopelaren kasuan, mugimendua Ander Deuna Ikastolan hasi zen, eta, haren ondotik, Zipiriñe eta Iberreko familiak batu ziren.

Hiru ardatz nagusi ditu Altxa Buruak: seme-alabei Interneterako sarrera duten gailuak emateko unea atzeratzea eta honetan hezitzea, ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko arnasgune bilakatzea eta gizartea sentsibilizatzea eta prestatzea, bai familiak, bai ikastetxeak, teknologia digitalaren erabilera arduratsu, osasuntsu, libre, eta ebidentzietan oinarritutakoan. 

Ardatz horiez gainera, mugimendua kezkatuta dago hezkuntzan dagoen gehiegizko digitalizazioarekin, eta uste du beharrezkoa dela erregulazio orekatu baterantz aurrera egitea, pedagogia- eta osasun-irizpideetan oinarrituta egongo dena.

Era berean, gogoratu dute ikastetxeek eta familiek norabide berean arraun egin behar dutela, gazteenen osasun eta garapen egokiaren alde. Bide horretan, elkarlana, hausnarketa partekatua eta zubi sendoak eraikitzea gakoa dela adierazi dute, eta, familia eta ikastetxeez gain, erakundeek ere dagokien ardura beregain hartu behar dutela, erantzun irmoak emanez. 

Sopelako Udalak Altxa Burua mugimenduak duen garrantzia, eta osasunean eta haur eta nerabeen garapenean duen eragin positiboa aitortu ditu. Hori dela eta, formalki atxiki zaio mugimenduari, eta bat egiten du familien, ikastetxeen eta gizarte eragileen arteko lankidetza sare hori indartzearekin. “Erronka horri komunitate gisa heldu behar diogu. Haurren ongizatea babestea denon erantzukizuna da”, azpimarratu du Guruzne Carrasson alkateak.