Síguenos en redes sociales:

Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren edizio berri bat jasoko du Sestaok

Carlos García de Andoin Kulturako zinegotziak 38. jaialdi honetarako hautatutako lanen kalitatea nabarmendu du

Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren edizio berri bat jasoko du SestaokS. U.

Astearte honetan goizean, Sestaoko Udaleko Kulturako zinegotzi Carlos García de Andoinek azaroaren 22tik 30era bitartean udalerrian ospatuko den Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren edizio berria aurkeztu du. Oraingoan, berriro bederatzi obra sartu dira karteldegian, eta Bizkaitik, Bartzelonatik, Castellótik, Granadatik, Frantziatik, Argentinatik eta Italia-Holandatik datozen konpainiek antzeztuko dituzte.

Kontatuko dituzten fikzioen artean daude, besteak beste, Pinocho klasikoaren bertsio moderno bat; emakumezko Tarzan baten istorioa; ausarta-ospea duen neskato jostun bati gertatuko zaizkion gorabeherak, mandatua jasotzen duenean lurralde bat askatzeko biztanleak beldurtuak dituzten erraldoiaren eta adarbakarraren uztarpetik; edo Enekoren kontakizuna, non dena berehala eta segundo bakar bat zain egon gabe nahi duen haur pazientzia bako batek bizitza lasaiago hartzen ikasiko duen.

Carlos García de Andoin Kulturako zinegotziak adierazi duenez, “Kultura Sailak dedikazio eta mimo handiz prestatu du programazio hau, familia sestaoarrei nazioarteko txotxongilo-antzerkiaren alderdi onena eskaintzeko", eta arreta berezia jarri du hautatutako lanen kalitatean: "Aurten ere, beti bezala, istorioen aukeraketa ona egin dugu gure txikiak entretenitzeko, baita haiei zer pentsa eskaintzeko ere, guztiek baitute euren irakaspena".

Hizkuntzari dagokionez, lau lan gaztelaniaz eta bi euskaraz eskainiko dira. Gainerakoak, testurik gabeak izango dira.

Azaroaren 22an eta 23an bina emanaldi egingo dira, 17:00etan eta 18:30ean. Azaroaren 24tik (astelehena) 28ra (ostirala), antzezpenak 18:45ean izango dira. Azkenik, azaroaren 29an (larunbata) eta 30ean (igandea), 18:00etan hasiko dira txotxongiloak.

Leihatilaren ordutegia honako hau izango da: larunbat honetan goizeko 10etatik 12etara egongo da irekita, eta 15:00etatik 19:00etara. Gainerako egunetan, saioak hasi baino ordubete lehenago irekiko da.

Aurten ere, sarreren prezioa 5 euro izango da, haurrei Nazioarteko Txotxongilo Jaialdi honetaz gozatzeko aukera errazteko.​​​