Ekaitz Herrera idazle abadiñarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria.
Aurkezturiko hogeita bost lanen artean, Hondar batean arre izenekoa hautatu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak, eta horrenbestez Ekaitz Herrerak eramango du zortzi mila euroko saria, baita bere nobela Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu ere, hemendik urtebetera, orain proiektu dena amaitutakoan. Saria ostiral arratsaldean eman zitzaion, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu zen iazko proposamen irabazlearen emaitza, Julen Apellaren Sakelako bihotzak izeneko eleberria.
Hondar batean arre nobelak Mattin aurkezten digu, 60 urteko gizonezkoa, ospitalearen aurreko postuan loreak saltzen dituena. Negozioa txarto doala-eta, kalean ikusiko du bere burua, eta bizileku berri bat topatuko du, ikasle-pisu batean. Ia berrogei urte gazteagoak direnekin bizitzen ikasi beharko du, haien kodeak ezagutu, ohitura berrietara ohitu. Eta, horrekin batera, bizi osoan inoiz maitemindu ez den eta hori zer den ere ez dakien gizonak bere burua hobeto ezagutu eta deskubrituko du, baita bizitzaren etapa berri bati ekin ere.
Epaimahaiak, besteak beste, lanari darion umorea azpimarratu du, idazkera dotorea, elkarrizketen freskotasuna, erritmo bizia, hizkuntzarekin jolasteko trebezia.
Augustin Zubikarai saria, bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen.