Datorren ostiralean, urriak 31, Gaba Baltza ospatuko da Durangon, hirugarren urtez jarraian, Gau Beltza edo Arimen Gauari lotutako ohitura zaharrak berreskuratu eta gaurkotu nahian. Ekimena Durangoko Hezkuntza Foroak bultzatu du, familien ikastetxeen eta kultur elkarteen laguntzarekin.
Egitaraua 19.30ean hasiko da, Tabirako San Pedro elizatik abiatuko den kantu eskearekin. Haurrak eta familiak herrian barrena ibiliko dira mozorrotuta, arropa zaharrak, zaku birziklatuak eta lastozko kapeluak erabiliz, kantuan eta gozokiak edo eskaintzen zaien beste edozer eskatuz. Ibilbidean zehar, Santa Ana, Pinondo, San Agustin eta Ezkurdi auzoak zeharkatuko dituzte, eta Andra Mari elizpean amaituko da, azken kantu kolektibo batekin.
20.00etan, ikuskizun eszenikoa izango da Santa Ana plazan, Kriskitin dantza taldearen eta Karrika Antzerki Taldearen partaidetzarekin. Euria egingo balu, emanaldi hori Andra Mari elizpera lekualdatuko da.
Azkenik, programazioarekin amaitzeko Gozategi taldeak kontzertua eskainiko du 22:00etatik aurrera Plateruenan, Gaba Baltzari amaiera emateko. A. Salterain